argia.eus
INPRIMATU
Felipe Gonzalezek “edozertarako laguntzeko prest” zegoela esan zien 1976an Martxoaren 3ko biktimei
  • Gertakarietatik 44 urtera, baina, hilketen erantzule den Rodolfo Martín Villa babesteko gutun bat sinatu du Felipe Gonzalezek, Espainiako beste hiru presidente ohirekin batera.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 04a
Felipe González Manuel Fragarekin. Argazkia: Wikimedia Commons

Hemerotekak oraingoan ere Felipe Gonzalezen aurka jokatu du. Duela gutxi PSOEko buruzagi ohiak 1976an Gasteizko hilketen biktimei helarazitako gutun bat atera da argitara, Martxoak 3 elkartearen bidez. Gonzalezek “doluminik zintzoenak” eta “edozein laguntza emateko prestutasuna” adierazi zien hildakoen senideei.

44 urte geroago, ordea, Felipe Gonzalezen jarrera guztiz bestelakoa da. José María Aznar, Francisco Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoyrekin batera, Rodolfo Martín Villa frankistaren aldeko gutun bat sinatu du PSOEko buruzagi ohiak. Martin Villak ostegun honetan deklaratu du Maria Servini epaile argentinarraren aurrean, frankismoan gizadiaren aurka egindako krimenenengatik. Horien artean, 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskiaren ardura zuzena egotzi zaio.

Felipe Gonzálezek 1976an biktimei zuzendutako gutuna. Argazkia: @Martxoak3