Espainiako presidente ohiak estatu terrorismoan izan zuen papera ikertzeko eskatu du Joxi Zabalaren arreba eta Elkarrekin taldearen legebiltzarreko buru ohi Pili Zabalak. Espainiako presidente ohiaren aurkako azken zantzua ekainean ezagutu ziren CIAren 1984ko paperak direla adierazi du Zabalak.
Gipuzkoako Fiskaltzari ikerketa abiatzeko eskatu dio Zabalak, argitu dezan ea Felipe Gonzálezen aurkako salaketa jartzeko aukera dagoen. Batetik, “ustez GALen bidez atentatuak eta desagertze behartuak egitea eragiteagatik. Bestetik, argitzeko ea Gonzálezek presidente karguaz baliatu ote zen, “erreserbatutako funtsen bidez giza eskubideen urraketa larriak onartzeko, finantzatzeko edo estaltzeko”.
Gonzálezen erruduntasunaren azken zantzua ekainean ezagutu ziren CIAren paperak lirateke Zabalaren ustez. 1984Ko barne txosten horietan, AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralak. “González ados dago armadak kontrolatutako mertzenario taldeak osatzearekin, terroristak legez kanpo borrokatzeko”, zioen bi txostenetako batek, besteak beste.
Gonzálezen ustezko delituak preskribatutzat emanez gero, Zabalak Fiskaltzari eskatu dio informazioa Juan Carlos García Goenaren hilketaren auzira gehitzeko. GALek hil zuen García Goena Hendaian, 1987an, eta kasua irekita dago.
Egia, lehenago edo beranduago
“Felipe Gonzálezek badaki lehenago edo beranduago egia horretara iritsiko garela”, idatzi du Zabalak Twitterren. Ekainean estatu terrorismoa ikertzeko plataforma bat osatzeko asmoa zuela jakinarazi zuen Zabalak, eta horren berri “laster” emango dutela idatzi du mezu berean.
Agian erregeek opari utopiko bat ekarri didate, baina zuekin partekatu nahi dut. Utopiak ibiltzeko balio du eta Felipe Gonzalezek badaki lehenago edo beranduago egia horretara iritsiko garela: https://t.co/4Nzih2ZPXD Laster izango duzue plataformaren berri:https://t.co/1GnmRryY4T
— Pili Zabala (@pili_zabala) January 10, 2021