argia.eus
INPRIMATU
Federico Martin Arambururen hilketagatik hainbat ultraeskuindarren bila ari da polizia
  • Larunbat gauean tirokatu zuten Federico Martin Aramburu argentinarra, Biarritz errugbi taldeko jokalari ohia, Parisen. Hainbat hedabidek jakinarazi duenez, Loik le Priol militar ohiaren eta eskuin muturreko beste bi pertsonaren bila ari da polizia.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 21a
Biarritzekin bi liga irabazi zituen Aramburuk, 2005ekoa eta 2006koa / Getty

Federico Martin Aramburuk enpresa turistiko bat sortu zuen Miarritzen, eta han bizi zen. Frantzia eta Ingalaterraren aurkako partida ikustera joan zen Parisera, eta taberna batean piztutako borrokan egin zioten tiro. Shaun Hegarty taldekide ohia zegoen berarekin.

Hainbat lekukok emandako testigantzak eta bideo-kameretako irudiak baliatuta, hiru erasotzaile identifikatu ditu poliziak. Loik le Priol da horietako bat, GUDeko kide izana, militar ohia eta lehendik ere justizia bila zebilkiona, beste ultraeskuindar bat torturatzeagatik. Polizia beste bi lagunen bila –gizonezko eta emakumezko bana– ari dela jakinarazi du hainbat mediok, Le Point-ek tartean.