argia.eus
INPRIMATU
Fededunek Donostiako Familia Sakratuko parrokia itxi dute Munillaren erabakiak salatzeko
  • Elizaren lurrak sektore turistikoari saltzea eta Familia Sakratuko parrokoa mendekuagatik lekuz aldatzea leporatzen diote fededunek José Ignacio Munilla Donostiako apezpikuari.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 17a
Familia Sakratua parrokiako atea giltzarrapoz itxita. Argazkia: religiondigital.org

Igande goizean fededun talde batek Donostiako Amara auzoko Familia Sakratua parrokia itxi zuten Munillaren “nepotismoa” salatzeko. Giltzarrapoarekin batera ohar bat utzi dute Martin parrokoa jasotzen ari den tratua salatzen. Eliztarrekin batera egon zen Martin, mendekuagatik lekuz aldatu duela esanaz. Martin beti izan da kritikoa Munillaren erabakiekiko, eta honek Irungo parrokia batera lekualdatu zuen joan den astean, parrokoaren laguntzaile lanak egitera.

Martinek ez du lekualdatzea onartu, eta Amarako parrokian jarraituko duela adierazi du. Fededunek giltzarrapoz itxi zuten eliza, baina Munillak sarrailagile talde bat bidali zuen giltzarrapoa kentzera eta sarraila aldatzera. Eliza itxi zuten fededunen arabera, Munilla Donostiaren potentzial turistikoaz aprobetxatzen ari da negozioa egiteko, beste leku batzuetan etxe gabekoentzat oheak eskaintzen dituzten bitartean. Horrez gain, ondorengoa adierazi dute Martinen lekualdatzeaz: “Ez gaude prest umilazio eta errespetu falta gehiago onartzeko”, diote.

“Martin hona etorri da eta ez du parrokia utziko. Parroko izatetik laguntzaile izatera pasa nahi dute. Horri zigorra deitzen zaio. Berak ez du zigortua izatea onartzen, eta hemen geratuko da”, adierazi dute. Munillak aurrez abisatu gabe aldatu zuen sarraila, eta giltzak parroko berriei eman zizkien.

Munillaren salerosketak

Azken urteetan hainbat salerosketa egin ditu José Ignacio Munillak, lur eta jabetzenak batez ere. Joan den urtean, adibidez, Munillak kuria diozesiarra 26 gelako “aparthotel” batean bihurtu zuen. Fededunek salatu dutenez, Munillak orain Amarako Familia Sakratua parrokia Donostiako Udalari saldu nahi dio musika eskola bat egiteko.

Bestalde, Munillak bere etxea eta beste hainbat parrokorena saldu nahi dizkio turismoaren sektoreari, hauek Seminariora joan baitira bizitzera. Etxebizitza-mugimendu guzti hauek salatzeko, fededun talde batek Donostiako katedralaren atarian elkarretaratze bat egin zuen.