argia.eus
INPRIMATU
FCCrekin duen kontratua eteteko prozesua abiatuko du Gasteizko Udalak
  • Garbiketa enpresarekin adostu nahi du Urtaranek kontratuaren etetea.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2018ko irailaren 18a
FCCrekin duen kontratua eten nahi du Udalak. ALEA

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren ebazpenari jarraituta, Gasteizko Udalak FCC garbiketa enpresarekin duen kontratua bertan behera uzteko prozesua abiatuko du. Halaber, lau urterako lehia berria deituko du. Hiriko alkate Gorka Urtaranek gaur azaldu duenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak bide hau jasotzen du "zerbitzuaren funtzionamendu okerrak udalerrian eragingo lituzkeen ondorioak saihesteko".

Urtaranen esanetan, Aholku Batzorde Juridikoak bi alderdien arteko adostasunez kontratua etetea proposatzen du, eta hala egin asmo du Udalak: "Begi bistakoa da zerbitzuak ez duela zuzen funtzionatzen. Hori dela eta, aztertu beharrekoa da Udalaren eta aldi baterako enpresa-elkartearen arteko kontratua ebazteko adostasunera iristeko aukera, hartara hiriak kalte handiagorik izan ez dezan".

Udal gobernuko taldeek Kontrataren Jarraipen-Mahaiaren premiazko bilera eskatu dute, oposizioko taldeei egoeraren berri emateko.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.