argia.eus
INPRIMATU
FCCk Zubietako obren adjudikazioari helegitea jarriko dio eta obren hasiera atzeratuko du
  • Diario Vasco egunkariak jakinarazi du FCC enpresak Zubietako erraustegia eraikitzeko eta kudeatzeko adjudikazioari helegitea jarriko diola gaur, otsailak 21, epearen azken egunean. Errekurtso horrekin, kontratua sinatzea atzeratuko du, eta ondorioz erraustegiaren eraikuntza obrak ez dira hasiko Gipuzkoako Aldundiak iragarri zuen epean.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 21
Gipuzkoako erraustegiaren maketa. (Arg.: Gipuzkoako Aldundia)

Aldundiak erraustegia eraikitzeko egindako lehiaketa publikoan bigarren geratu zen FCC, Urbaserrengandik oso gertu. 1.000 puntutik bost puntuko aldea soilik atera zion —hirugarrenari ia 300—. Gertutasun horrek bultzatu zuen FCC lehiakidearen proiektua aztertzera. Izan ere, arlo teknikoan FCCk puntuazio hobea lortu zuen Urbaserrek baino; baina arlo ekonomikoan kontrakoa gertatu zen.

FCCk iragarri zuen gatazka saihestuko zuela eta ez ziola adjudikazioari helegiterik jarriko ez bazuen pisuzko arrazoirik ikusten. Enpresa euskal administrazioko hainbat kiderekin hitz egiten egon da, eta otsailaren 8 eta 13an Urbaserren proiektuari buruzko informazioa eskatu zuen. Diario Vasco-ri kontatu dio, ordea, arloan adituak diren Europako teknikariei Madrilen kontsultatu eta gero, Urbaserren proiektua baztertzeko “funtsezko arrazoiak” ikusi dituela.

Epaia aldundiaren organo batek eman behar du, beraz ez dute espero asko atzeratuko denik. Ingurumen Diputatu Nagusi Jose Ignacio Asensiok esana zuen horrelako errekurtso batek hilabete inguru behar duela epaia jasotzeko.

Bi enpresa horiek askotan jarri dizkiote errekurtsoak batak besteari. Azken urtean beste hiru aldiz jarri dizkiote elkarri helegiteak adjudikazio kontratuetan Espainiako Estatuko zenbait lekutan.