Orain zabaldutako txosten juridiko batek dio hiriak FCC enpresarekin duen hitzarmena bertan behera uzteko arrazoi nahikorik ez dagoela.
Gorka Urtaran Gasteizko alkatea FCC enpresarekin "bulegoetan" hitzarmenak negoziatzen ari dela salatu du EH Bilduk, gaur goizean egindako prentsa agerraldi batean. Talde abertzalearen ustetan, hondakinen gaia jorratzeko osatua dagoen udal lantaldean EAJk ezkutuan mantendu du udalak gaiari buruz egindako txosten juridiko bat.
Erosketa eta kontratazio zerbitzuko nagusiak egindako txosten hori apirilaren 10ean sinatuta dagoela salatu du EH Bilduk, baina handik zortzi egunera izandako bileran udal gobernuak horren berririk ez zuen eman.
Aitor Miguel zinegotziaren hitzetan, Urtaranek "FCCri alfonbra gorria jarri nahi izan dio, diru gehiago irabaziz berriro ere esleipenera aurkeztuz. Alkatea bulegoetan itunak ixten ari da lege-iruzurra eginez, zaborren multinazional honen pribilegioak babestuz". Gaiaren harira informazioa eskatzeko, alkatearen agerraldia eskatu du Miguelek.
Apirilean jakin zen FCCk Gasteizko garbiketa zerbitzua utzi behar zuela, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak udalaren eta enpresaren arteko desadostasunen inguruan ebazpena eman zuenetik: Gasteiz garbitzeko hitzarmenean urteko 1,7 milioi euroko gaingastua enpresak bere gain hartu behar zuela zioen epaiak. Orduan Urtaranek ezagutarazi zuen FCCk hitzarmenari uko egingo ziola, baina udal oposizioak gogor kritikatu zuen aukera hori, FCCk berriro lizitaziora aurkezteko modua izango zuela argudiatuz.
Albistea Arabako Aleak argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia balitatuta