Errefuxiatuak laguntzeko GKEek itsasoan dituzten barkuak oztopatzea da Generation Identity talde faxistaren helburua. Itsasontzia atera ahal izateko crowdfoundinga egiten ari dira.
Batez ere Alemanian antolatzen den Generation Identity gazte erakunde faxista ari da ekimena sustatzen. Alt-right edo eskuin alternatiboaren etiketa erabili arren, nazismoaren ideiak lantzen dituen kolektiboa da: zurien gailentasuna, “Europaren defentsa” eta migrazioaren kontrako kanpainak dira beraien ikur. Komunikazio estrategia landuak eta diskurtso eta estetika berritzaileek faxismoaren gorakada ekarri dute Europan, eta mugimendu hau beste ikur bat baino ez da.
Greenpeacek baleontziak edo urpekari nuklearrak blokeatzeko erabiltzen duen teknika bera erabili nahi dute migratzaileen kontra. Kasu honetan ez da ekintza sinbolikoa, eta bizirik hartzen dituztenak Libiako kostara itzultzea da beraien helburua.
“Bilatze eta erreskate misio identitarioa” deitu diote ekimenari eta uztailean jarri nahi dute martxan, “Defendatu Europa” lelopean. Itsasontzia ateratzeko crowdfoundinga abiatu dute, 54.000 dolar lortu dituzte 658 laguntzaileren bitartez.