argia.eus
INPRIMATU
EHUko Zuzenbide fakultateko ikaslea
“Hasieratik neurri zorrotzak hartu beharrean, ikasleen erantzun irmoaren zain egon da EHU”
  • Azken egun hauetan, "Faxistak kanpora!" lelopean EHUko Zuzenbide fakultatean eramandako borroka antifaxistaz hitz egin dugu anonimotasuna atxiki nahi izan duen ikasle batekin. Sare sozialetan frankismoa goraipatzen eta mezu xenofobo, matxista eta homofoboak zabaltzen arituriko irakaslearen kontra mobilizatu dira eta lortu dute behin-behinean baztertzea irakasle postutik. Baikor baloratzen du azken egunetako mobilizazioa: "Erantzun honegatik ez balitz, irakasle honek klasea ematen jarraituko bailuke".

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko urriaren 03a

Ikasle mugimenduaren presioari esker lortu duzue EHUk irakaslea behin-behinean baztertzea. Azken egunetako gertakizunak oroitarazi ditzakezu?

Joan den astean atera ziren argitara irakasle horrek sare sozialetan eginiko hainbat adierazpen matxista, arrazista eta klasista. Horren aurrean, bere ikasleak arduratuta agertu ziren eta dekanotzara kexa formala aurkeztu zuten. Dekanotzak ez zuen neurri zorrotzik hartu eta beraz ostiralean [irailaren 27a] aurreikusita zegoen klase ordua nolabait geratzeko beharra adierazi zuten ikasleek. Horren harira fakultateko, zein campuseko beste hainbat ikasle batu ginen erantzun bateratua emateko. Horri esker lortu zen klase ordu hori etetea, baita aste honetan aurreikusitako irakasgai orduak bertan behera uztea ere. Astelehen honetan, harturiko neurriak nahikoa ez zirela ikusita, elkarretaratzea egin genuen fakultatean, ehundaka kide bildu ginen, unibertsitatean faxismoak lekurik ez duela ozen esan eta irakasle horren berehalako kaleratzea exijitzeko. Presioaren ondoriotzat ulertzen ditugu asteazkenean EHUk publiko egin dituen neurriak.

Zabaldu duzuen irakurketan EHUren "hipokrisia" salatzen duzue. Zer dela-eta?

Hasiera-hasieratik neurri zorrotzak hartu beharrean, ikasleen erantzun irmoaren zain egon dira; eta horrek behartuta hasi dira jarduten. Ikasleon erantzuna birritan kondenatu dute, bai fakultatean zabaldutako agirian bai asteazkenean publiko egindako adierazpenetan. Irakaslearen ideiak eta ikasleon erantzuna maila berean jarri dituzte eta jazartzailetzat ere katalogatu gaituzte, baina beraiek dira ikasleak irakasle faxista batekin egotera kondenatu dituztenak. Zabaldu nahi izan duten errelatoaren aurrean, ikasle asko izan gara beraien erantzuna gaitzetsi dutenak.

Prozedura bat ireki da genero-indarkeriaren aurkako protokoloa aplikatuta. Bide horrek dakarzkien ondoko urratsak zein dira?

Dakiguna da prozedura irekita dagoen bitartean irakasleak ez duela klaserik emango. Oraindik airean dagoena da ikasleei emango dieten aterabidea, baldin eta ordezko irakaslerik topatzen ez badute epe motzean.

Ikasle andana bildu da protestetan. Zer nolako balorapena egiten duzue?

Pozgarria izan da horrenbeste jende bildu izana eta garbi dugu askorako balio izan duela,

Jendartean ikusten ari garen faxismoaren gorakada dela eta, antifaxismoa bada ikasle mugimenduaren lehentasunezko borroken artean?

Erantzuna espontaneoa eta jendetsua izan da, beraz esan liteke badagoela kezka orokortua. Garbi ikus liteke gizartean ideia hauek gora egiten ari direla eta garrantzitsua deritzogu klase antolatu gisa erantzutea, bai ikasle, irakasle, zein unibertsitateko langileok batera jardutea, alegia.