argia.eus
INPRIMATU
Andaluzian milaka lagun atera dira protestan faxismoaren aurka
  • Ia 400.000 boz lortu ditu Vox-ek. PSOEk beherakada nabarmena izan du, gehien bozkatu den alderdia izan den arren. Faxismoaren aurkako mobilizazioak izan dira astelehen gauean.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko abenduaren 04a

Hauteskundeen biharamunean manifestazio jendetsuak izan dira Andaluziako zenbait hirietan. “Ez dira pasako” eta “gure auzoetatik faxismoa kanpora” lelopean, milaka pertsona kalera atera dira, Vox alderdiaren eta faxismoaren gorakada salatzeko.

Malagan, Sevillan eta Granadan bildu zen jende gehien: 1.000, 2.000 eta 4.000 herritar inguru, hurrenez hurren. Azken honetan gazteenek izan zuten protagonismoa. Ikasleak ziren gehiengoa, eta kaleak errepublikako banderez eta ikur antifaxistez bete zituztela adierazi dute zenbait hedabidek. Granadan kanpaldia abiatu dute.

Sevillan adierazpen eta aldarrikapen esanguratsuak egin zituzten: “Ez ahaztu ordua aldatzea, goizaldeko ordu bietan 1936 izango da” eta “380.000 andaluziarrek Garcia Lorca berriz fusilatzea bozkatu dute”, besteak beste.

Eskuinaren gorakada

Bigarren aldia da, 1982az geroztik, parte hartzea %60tik jaisten dela. 1990an %54k baino ez zuen bozkatu, eta orain %56,6k soilik. Beste behin sozialistak gailendu dira, baina ez gehiengo absolutuarekin; 400.000 boz galdu dituzte. Gobernua osatzeko akordio posiblea hiru alderdi eskuindarren artekoa izatea aurreikusten da: PPk 26 eserleku eskuratu ditu, Ciudadanosek 21 eta Vox alderdi ultraeskuindarrak 12. Gehiengoa lortzeko 55 eserleku behar dituzte, eta hiru hauek elkartuz gero 59 izango lituzkete.

Aurreikuspen guztiak gainditu zituzten igandeko hauteskundeetako emaitzek. Susana Diazen gobernuak beherakada izango zuela espero zitekeen, baina ezin zen inola ere aurreikusi 400.000 boz galtzea. Dena dela, gehien bozkatutako alderdia izaten jarraitzen du PSOEk, eta Diaz gobernua osatzen ahaleginduko da. “Boto asko galdu ditugun arren ez dut kargua utziko; andaluziarren gehiengoa ordezkatzen dut”, adierazi du Susana Diazek.