Kristallnatch edo Kristal apurtuen gaua gogoratzen da azaroaren 9an. Aurreko egunean manifestazioa egingo dute Bilbon, faxismoari aurre egiteko deia zabalduz. Deialdia 19:00etarako egin dute, Arriagan.
1938ko azaroaren 9ko gaua mundu mailan ezaguna da. Alderdi naziaren SS talde paramilitarrak ia ehun judutar hil zituen, eta 30.000 atxilotu Alemanian eta Austrian. Haien sinagogak, etxebizitzak, ospitale eta eskolak, saltokiak... suntsitu zituzten. Erasoak amaitzean, hautsitako kristal puska mordoa aurki zitekeen kaleetan. Hortik ezagutzen da eguna Kristallnacht izenarekin. Bezperan, azaroaren 8an, nazioartean ezaguna den gau hura oroituko dute Bilbon.
Gorroto mezuen aurka
Ekainak 28 Koordinadorak, Sare Antifaxista eta SOS Arrazakeria eragileek deitu duten manifestazioa Arriaga antzokiaren aurrean abiatuko da, arratsaldeko 19:00etan. Faxismoa ez ezik, matxismoa, xenofobia eta arrazismoa ere salatu nahi dituztela adierazi dute, "hainbat kolektibori zuzendutako gorrotozko mezuek ez dutelako atsedenik hartzen egun batean ere”.