Suzy Favor Hamilton (Wisconsin, AEB) atletak 1988, 1989 eta 1990ean jaso zituen Wisconsingo Big Ten atletismo elkartearen sariak. Joan den abenduan prostituta izan zela aitortu zuen, eta orain, hiru sariak kentzea erabaki du elkarteak.
44 urte dituen Suzy Favor Hamilton korrikalariak, 1.500 metrotan hiru Joko Olinpikotan hartu zuen parte, 1992koan, 1996koan eta 2000koan. Amerikako Estatu Batuetan oso atleta ezaguna izan zen. Zurrumurruak batera eta bestera zebiltzala, 2012ko hondarrean, kazetari bati aitortu zion prostituta lanean aritu zela korrikalari eta ama izan zen garaian. Goi mailako sexu langilea zen eta Kelly Lundy ezizena erabiltzen zuen. Atletak damua erakutsi zuen kazetariak gai hortaz galdetu zionean eta esan zuen sexu lana egitea antsietateari eta depresioari aurre egiteko modua zela. Twitter bidez adierazi zuen laguntza psikologikoa eskatu zuela, hanka-sartze ikaragarria egin zuela eta horren ardura berea dela. Jarraitzaileei barkamena eskatu zien eta esan zuen berriz ere ama, emazte, alaba eta lagun ona izaten saiatuko zela.
Duela aste gutxi, Bilboko erailketa tarteko, hedabideetan prostitutaren estigmatizazioaz aritu ginen. Zergatik eskatu behar du barkamena Favor Hamiltonek? Zergatik lurperatu behar dute haren atleta prestigioa?