Palestinako bi alderdi nagusiek batasun gobernua osatuko dute. Akordioak 2007tik geroztik Palestinan dagoen lurraldeen banaketarekin amai dezake. Israelgo gobernua bateratzearen aurka azaldu da, eta bertan behera utzi ditu Palestinako Aginte Nazionalarekin zituen negoziaketak.
Fatah eta Hamasen arteko adostasunaren testuingurua ulertzeko Nationaliak analisia egin du, lau gako emanez:
Aldaketa geopolitikoa
Herrialdean berriki gertatutako aldaketa geopolitikoak akordioa ulertzeko ezinbesteko faktore direla azaldu dute. Arabiar udaberriaren ondoren, Hamas Qatarko bere ohiko aliatuengandik banatu zen eta Egiptoko Anaia Musulmanen babesarekin baino ez zen geratu. Gaza eta Egipto arteko Sinaiko mugan dauden tunelen bitartez, Egiptok biziraupen ziurtasuna eskaini zion Hamasi, elikagaiak, ondasunak, armak eta pertsonak kontrabandoan sartuz. Egiptoko gobernu berriak Sinaiko muga itxi du tunelak lehertuz, eta Gazan egoera lehen baino larriagoa da.
Inora iristen ez ziren negoziaketak
2000. urteaz geroztik Israelgo eta Palestinako gobernuek egindako negoziaketetan bi aldeen borondate falta nabaria izan da Nationaliaren arabera, eta akordioak ez dira bururaino iritsi. Hilabeteak aurrera joan ahala giroa okertzen joan da bi herrialdeetan. Negoziaketa ezak Fatah eta Hamasen arteko adostasuna ekarri du, eta honekin Israelek negoziazioak bertan behera uzteko aukera ikusi du.
Zilegitasun berri baten bidez palestinarren buruzagitza bilatzen
Fatahko buru den Mahmoud Abbasek gizarteko sektore zabaletan zilegitasunik ez duela azaldu dute Nationalian, eta besteak beste, Gazako biztanleen izenean negoziatzeko aukerarik zailtzen diola horrek. Abbasek bere buruzagitza egiaztatzeaz gain, hauteskunde garden batzuen bidez Palestinako Aginte Nazionala egiaztatu behar du. Horrela, Palestinaren bateratzea gerta liteke etorkizunean. Egun Gaza eta Zisjordania artean banatuta dago herrialdea.
Bakea lortzeko bide konplexua
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk Fatahrekin bake negoziaketak egitea ezinezko ikusten du. Gobernuaz gain, Israelgo oposizioko hainbat alderdi ere negoziazioen aurkakoak dira, hala nola Yisrael Beitenu eta The Jewish Home. Kolonoen mugimendua ere iritzi berekoa da, batez ere lurrak trukatzearen aurrean uzkur agertzen dira. Gauzak horrela, egungo Israelgo gobernua negoziatzera esertzea konplexua da.