argia.eus
INPRIMATU
“Fase kapitalista berriaren” aurrean, “bide-orri komunista propio eta eguneratua” aldarrikatu dute GKSk eta IAk
  • Lau eguneko Gazte Topagune Sozialista egin dute Durangon eta ekitaldi politikoan Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek hartu dute hitza: “Burgesiaren eta politikari profesionalen sistema hautsi behar dugu, geure burua modu independentean antolatuz eta bide-orri komunista propio eta eguneratu bati erantzunez", adierazi dute.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 26a
Argazkia: Gedar

Komunismoa aldarrikatu eta “alderdien sistema guztia arazoaren parte” dela nabarmendu dute: “Argi geratu da hori azken urte hauetan; izan ere, krisi kapitalistak, pandemiak zein gerra inperialistek burgesiaren agenda politikoa markatu duten honetan, estatuek eta alderdi politikoen sistema guztiak, enpresari handien aldeko maniobrak egiteko balio izan dute”. Haien iritziz, “gaur egungo auzi nagusi guztiak klase borrokak zeharkatzen ditu eta horiek ezin dira estatu kapitalisten bitartez gainditu”.

Ohartarazi dute “irekitzen ari den fase kapitalista berria aurrekoa baino autoritarioagoa” dela eta horren aurrean antolatzea eta alternatiba bat eraikitzea beharrezkoa dela. GKSk eta IAk proposatzen duten alternatiba da “langileria alderdi iraultzaile bezala antolatzea eta alternatiba komunista bat gorpuztea internazionalki, egungo baldintzetara egokitzeko gaitasuna izango duena".

Langileen aurkako erasoak salatzeko eta horiei aurre egiteko konpromisoa dutela berretsi nahi izan dute, eta preso eta iheslari politiko guztien amnistia aldarrikatu dute, beste behin.