argia.eus
INPRIMATU
Horrela izango da Hego Euskal Herrian fase aldaketa baimendu edo ukatuko duen azterketa
  • Deseskalatzean aurrera egiteko prest daudela frogatzeko, probintziek astero dokumentu bat bete beharko dute, eta Espainiako Gobernuari bidali. Dokumentuan argitu beharreko baldintzen berri eman du Eldiario.es-ek.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 05

Fasetik fasera igarotzeko probintziak hartu ditu ardatz Espainiako Gobernuak, baina herrika, eskualdeka edo erkidegoka ere aurkeztu daiteke dokumentua. Maiatzaren 6rako bidali behar dute lurraldeek dokumentua lehen aldiz beteta, maiatzaren 11n hurrengo fasera igarotzeko prest al dauden ondorioztatzeko.

Besteak beste, hau da eman beharko duten informazioa:

Kutsatu batetik besterako arakatzea nola egingo den eta zein emaitza eman dituen. Kasu susmagarrien berri egunero eta astero eman beharko da, dokumentuaren bidez. Susmagarriak diren zein portzentajeri egin dioten proba jakinarazi beharko dute eta dagoeneko ezagunak ziren kutsatuengandik etorri ez diren kasuen berri eman beharko dute, osasun sistema horien nondik norakoa zehazteko gai izan ez bada, zailagoa izango baita deseskalatzean aurrera egitea.

Kutsadura kopuruak berriz ere gora eginez gero, lekuko osasun sistema azkar erantzuteko gai al den frogatu behar da. Adibidez, ospitaleetako UZIetan zenbat ohe dauden libre esan behar dute eta zenbat ohe gehiago eskuratu ditzaketen, zenbat egunetan. Fasetik fasera aurrera egiteko, bost egunetan 1,5 eta 2,5 ohe gehiago lortzeko gai izan behar du lurraldeak, 10.000 biztanleko.

Argitu beharko den beste puntu bat: osasungintzako langileentzat zein material daukaten erreserban eta zein baldintzatan.

Osasun sisteman, lehen mailako arreta nola indartuko duten jakinarazi behar dute lurraldeek, inbertsiorik egingo al den, plantilla indartuko al den, probak egiteko baliabideak gehituko al diren… eta kontrol epidemiologikoa nola egingo duten.

Probintzien arteko desplazamenduak nola kontrolatuko diren eta babeserako neurriak nola gauzatuko diren informatuko da (maskaren banaketa, pertsonen arteko distantzia fisikoa bermatzea…).

Zahar-etxeen egoeraren erradiografia ere eskatzen da (zenbat hildako egon diren astero monitorizatzeko, baita zenbat langile kutsatu ere).