argia.eus
INPRIMATU
Faroe Uharteak dira Covid-19 testetan munduko txapeldun, albaitero baten lanari esker
  • Piszifaktorietako izokinen gaixotasunak detektatu eta artatzen berezitutako albaitari bat famatu egin da bere eta bere laborategiaren lanari esker lortu duelako bere herrialdea, Faroe Uharteak, izatea herritarrei Covid-19 testak munduko beste inon baino kopuru handiagoetan egiten lehena, horrela saihestuz eritasunaren hedatze kontrolik gabea, dakarren heriotza katearekin.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2020ko apirilaren 14a
Debes Christiansen albaitari eta ikertzailea bere laborategian. (Argazkia: Therese Soltveit)

"Asmoz eta jakitez, txikiak handia bentzi leidi" atsotitza egia bihurtzen da noizean behin eta horixe da Debes Christiansen albaitari ikertzaileak Atlantiko zoko batean dauden Faroe Uharteetatik erakutsi diona munduari. Koronabirus izurritearen inguruko albiste sailean The Guardian egunkariak titulatu berri duenez, "Albaitaritzako ikerlari bat ohoratzen dute Faroeetan Covid-19ak oraindik bertan inor hil ez duelako".

Faroe Uharteek beren 50.000 inguru biztanleen artean 184 koronabirus kasu dauzka kontabilizatuta apirilaren 13ra arte, horietatik 157 sendatutzat emanak, 27 oraindik gaixo eta hildako bakar bat ez. Baina begiratzen baldin bada izurriaren jarraipen estatistikoa egiten duen Woldometers zerbitzuan, taulako azken bi zutabeetan daukate Faroeek daturik bikainena, koronabirusaren kontrolean munduko txapeldun bihurtu dituena: populazioaren %10 baino gehiago testeatu dute, 5.509 pertsona, proportzioan milioi pertsonako 112.744.

Tórshavn, Faroeetako hiriburua. (Argazkia: Wikipedia)

Faroek koronabirus-susmagarrien eta ingurukoen artean lortutako testeatze handi honi neurria hartzeko, esan dezagun onenen artean bigarren datorrena, Islandia –famatua bere populazioaren azterketa genetikoa inork baino hobeto egina daukalako– dela, milioi pertsonako 65.538 testeatuta. Faroeak bere baitan dauzkan Danimarkako erresuma bera test proportzioetan justu Espainiaren parean ageri da estatistiketan, milioiko 12.448. Eta euskaldunokin alderatzekotan, taulan oso behera jo bo beharko genuke: Espainiak milioi bat herritarretatik 12.833 testeatu ditu eta Frantziak 5.114. Euskal Herri osoan ez bada, bederen Hegoaldeko lau lurraldeetan gaur arte egindako test kopuruak norbaitek eduki litzazkeen arren, ARGIAko kazetari honek ez ditu aurkitu. Frantziaren eta Espainiaren artekoen arteko posizioren batean egongo ote gara? Ziurrenik ez urrunegi.

Kontua da joan den astean Bárður á Steig Nielsen Faroeetako lehen ministroak iragarri duela astebete barru, apirilaren 20an zabalduko dituela haurtzaindegi, haur eskola eta lehen mailako ikastetxeak. Ondoren bigarren mailakoak irekiko omen dituzte eta kirol lehiaketak ere berrabiaraziko, ikuslerik gabe izan arren.

Birusaren kontrol arrakastatsuaren heroitzat Debes Christiansen aipatzen dute, Tórshavn hiriburuan Arrain eta Abereen Gaixotasunen Erreferentziazko Laborategiaren burua. Ikerketan ari den albaitaria. Christiansenek urtarrilean bertan ohartarazi omen zion bere gobernuari –Danimarkako erresumaren barruko eremu autonomoa osatzen dute Faroeek– Txinatik zabaldu zitekeen izurriari aurre egiteko prest egon behar zela.

Christiansenen laborategia funtsean izokinen eta piszifaktoriako arrainen birusetan dago berezitua, Faroeek esportatzen duten guztiaren %90 horiek osatzen baitute. 2001ean izokinei anemia eragiten dien birusak suntsitu zituen hango haztegiak eta geroztik Christiansenek bere laborategitik gidatzen du arrainon etengabeko testeatzea, edozein eraso berri artatu ahal izateko. Laborategia urtarrilean hasi zen behar ziren osagaiak aldatu eta gizakiak testeatzeko lanak aurreratzen.

Piszifaktorietan hazitako izokinek hainbat birusen erasoak jasaten dituze; horiek eten gabe testeatzeko probak egokitu ditu Christiansenen laborategiak gizakietan Covid-19 detektatzeko.

Kazetariei Christiansenek aitortu dienez, ez dago sekretu handirik Faroeetan testak hain goiz, merke eta masibo antolatzearen atzean: "Oso erraza izan da izokinentzako testetatik abiatuta gizakientzako testak egokitzea. Aldatu beharreko gauza bakarra zenbait osagai ziren. Gure ohiko lanean izokinen birus eta bakterio zehatz batzuen bila ibili ohi gara eta koronabirusarentzako testa lortzeko ez ditut hiru osagai baizik aldatu". Materialok eskuratzeko, bestalde, hornitzaile gehiago dago munduan ospitaleentzako lanean ari direnak baino. Eta ororen buru, egunean 1.000 egiteko moduan egon da Christiansenen laborategia, eta agintariek bermatu dizkiote herritarren laginak lortu eta laborategiraino bideratzea.

Garrantzi handia eduki du Tórshavn hiriburuan bertan erreferentziazko laborategi bat edukitzeak, gainerakoan agintariak herritarrei laginak hartzeko oso azkar mugitu balira ere horiek Danimarkaraino igorri eta emaitzak berreskuratzeko egunak beharko zituztelako. Dena etxean eta nahiko erraz egiteko modua edukita, herritarren lagin hartze eta testeatzearen beste lanak osatzeko, Gobernuak hiriburuko ospitale nagusian antolatu zuen hasieratik sail berezia eta proban positibo emandakoan aireportu ondoko hotel batean ezarri berrogeialdian.

"Uneotan –esan du Christiansenek– ez dirudi Faroeetan koronabirus kopuruak oso handiak direnik. Denon ahotan daude zifra kezkagarrienak [oraindik sintomak dauzkaten gaixoenak] baina dagoeneko populazioaren %10 baino gehiago testeatu dugu eta ez dut uste horietatik at asko gehiago dabilenik kutsatuta". Faroe Uharteak ez dira inon aipatu ez bioteknologia, biomedikuntza, Ikerketa+Garapen zentro aitzindari, unibertsitate ahalmentsu eta oro har teknologia mailako aitzindarien artean. Zorionez eduki dute Debes Christiansen bezalako albaitari ikertzaile gerrillero bat.