argia.eus
INPRIMATU
Farmazia enpresen erdiak baino gehiagok adimen artifiziala erabiltzen du
  • Sendagaien garapena "bizkortzeko, tratamenduak pertsonalizatzeko eta barne-prozesuak optimizatzeko" erabiltzen ari dira adimen artifiziala. Enpresen % 33k erabiltzen du gaixotasunen analisian, eta % 29k sendagaien garapenean eta fabrikazioan.

Leire Ibar 2024ko azaroaren 08a
Lau enpresatik hiruk tresna berri honekin diseinatzen dituzte sendagaiak. Pexels

"Produktuen eta zerbitzuen diseinua hobetzeko" helburuarekin, farmazia enpresen %55 adimen arfizialaz baliatzen dela azaldu dute "Ascendant" txostenean.

Lau farmazia enpresetatik hiruk erabiltzen dute adimen artifiziala botiken diseinuan, sektoreko operazioetan, ziber-segurtasunean, marketinean eta bestelako sistemetan. Iraultza bat martxan izeneko ikerketak adierazi du nola aplikatzen duten teknologia hau sektore pribatuan zein instituzio publikoetan.

Txostenaren arabera honakoak dira adimen artifiziala aplikatzen duten arloak: konposatu berriak aurkitzeko azkartasuna eta zehaztasuna hobetzea, saiakuntza klinikoen emaitzak aurreikustea, fabrikazio prozesuak hobetzea eta hornidura katea modu adimendun batean kudeatzea.

Era berean, ikerketaren arabera, %33k AA erabiltzen du gaixotasunen analisia egiteko eta %29k botiken garapenean eta fabrikazioan. Adibidez, adimen artifiziala erabiltzen da diabetesa duen pazienteak beste gaixotasun bat garatzen duen ala ez aurreikusteko, edo bihotz gaixotasuna duen pertsona batek okerrera egiten duen detektatzeko.

Adimen artifizialaren oztopoak ere nabarmendu ditu ikerketak, hala nola adimen artifizialeko adituen falta eta zuzendaritzaren ikuspegi estrategikoaren gabezia. Hala ere, farmazia enpresen %70ek uste du teknologia honek "lehiakortasuna hobetzeko" aukera ematen duela.