argia.eus
INPRIMATU
Farmazeutika batek Irlandara bidaia ordaindu die EAJ, PP eta Ciudadanoseko hainbat senatariri
  • Amgen multinazionalak gonbidatuta, Dublinen izan dira EAJ, PP eta Ciudadanos alderdietako senatari batzuk, ElDiario.es-ek jakinarazi duenez. Espainiako Senatuan osasun batzordeko kideak dira senatari hauek.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko azaroaren 29a
Posta elektronikoz jaso zuten gonbidapena. Arg: ElDiario.es

“Ez zen Ganberako bidaia ofizial bat izan”, adierazi du Alderdi Popularrak. EAJko iturriek berriz honakoa argudiatu dute:  “Bisitak parlamentuko lanarekin lotura zuzena zuela iruditu zitzaigun, eta egoki ikusi genuen proposamena onartzea, parlamentuan lantzen diren gaien inguruko informazioa eskuratzeko". Ustez, medikamentu biosimilareen garapen eta produkzioaren inguruko formazio saio batera gonbidatu zituzten senatariak. Amgen multinazionalak gonbidatu eta ordaindu zien bidaia.

Biosimilareen araudia erregulatzeko eskatu izan die sektoreak arduradun politikoei. Bada, arduradun hauetako batzuek bidaia egin dute Dublinera, farmako hauen egileetako baten fabrikara. Iaz, 7.000 milioi euroko sarrerak aitortu zituen Amgen farmazeutika Kaliforniarrak.

Biosimilareak medikamentu biologiko mota bat dira. Medikamentu biologikoek patentea galtzen dutenean gizarteratzen diren tratamentuak dira biosimilareak, hauek merkeagoak izan ohi dira normalean, jada patentea galdu dutelako.

Bidaia horretan parte hartu dute, Alderdi Popularreko sei senatarik, horien artean, Osasun Batzordeko lehendakari María del Carmen de Aragónek eta Francisco José Fernández Pérez lehendakariordeak. Ciudadanos alderdiko hiru diputatuk, María Isabel Albás, Carlos Hernández White eta José Antonio Funesek. EAJko Nerea Ahedo diputatua ere bidaia hartan izan da.

Beste senatari batzuei ere igorri zien gonbidapena multinazionalak, hala ere, ez joatea erabaki zuten. PSOEko diputatu batek Eldiario.es hedabideari adierazi dio, eurek ez dutela horrelako gonbidapenik onartzen. Espainiako Kongresuko osasun batzordean erabakita dute horrelako gonbidapenak ukatzea.