Sendagaien kontsumoa handitzen ari da –bai gizakiona, bai abereena– eta horrek sendagaien hondakin bolumena handitzea dakar. Sendagaien hondakinek ingurumenean duten inpaktua aztertu nahi izan du Saioa Domingoren doktore-tesiak.
Pandemiaren lehenengo olatuan Gasteizko ospitaleetan koronabirusa tratatzeko erabilitako farmakoak, horiek ingurumenean duten presentzia eta haien arrisku ekotoxikologikoa aztertu ditu Domingok, EHUn defendatutako tesian. Farmako arriskutsuekin ere gauza bera egin du.
Gasteizko ospitaleetan COVID-19aren lehenengo olatuan farmako antibiralen eta sedoanalgesikoen kontsumoa izugarri handitu zela ondorioztatu du, batez ere zisatrakurioarena (25 bider handitu zen) eta lopinabir-erritonabirrarena (20 bider handitu zen), eta farmako batzuek hondakin uren araztegian zuten kontzentrazioa neurtu zen. Domingoren hitzetan, “erabilitako farmako aipagarri gehienen kasuan, ingurumenean izan zitzaketen ondorio kaltegarriei buruzko informazioa urria da (azitromizinaren kasuan izan ezik). Azterlanean neurtutako ingurumen kontzentrazioak kontuan hartuta, azitromizinak arrisku ekotoxikologiko moderatua zuela eta hidroxiklorokina eta lopinabir-errritonabirrek arrisku txikia zutela ondorioztatu zen”.
Farmako arriskutsuek ingurumenean duten inpaktua ez dela behar adina aztertu eta Garapen Jasangarriko Helburuak lortzeko farmakokutsaduraren aurkako borroka funtsezkoa izan litekeela ere badio doktoreak. Erronka horri irtenbideak bilatzeko, osasun arloko profesionalek sendagaien ingurumen inpaktuaren ikerketan parte hartu behar dutela dio Saioa Domingok.