Gerrilla mugimendua izatetik alderdi politikoa izatera jauzia egin du FARCek, siglak mantenduta. Izena eta logoa adostu dituzte: Guztion Indar Alternatibo Iraultzailea.
Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek izena aldatuta izana mantendu nahi dute. Armarik gabe “Kolonbiarentzat justizia sozialean oinarritutako bakea” lortzea dute helburu oraindik. Bake akordioak muturreraino eramateko konpromisoak berretsi dituzte irailaren 1ean bukatuko den kongresu eratzailean.
Bake iraunkorra lortze bidean, Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen artean sinatutako akordioari errespetua adierazi dute, lehentasun gisa paramilitarismoaren amaiera eskatu dute eta biktimentzat egia, erreparazio integrala eta ez errepikatzeko bermeak izatea. Trantsizio eta adiskidetze gobernu baten alde egingo dute.
Justizia sozialik gabe bakerik ez dela egongo ziurtatu dute eta “egitura ekonomiko injustuak” aldatzeko erreforma sorta zehatza aurkeztuko dute.
52 urteko borroka armatua amaitutzat, FARCek 2018ko hauteskunde presidentzialetan parte hartzeko asmoa du, herrialdeko mugimendu politikoekin aliantzetan sakonduz.