Abuztuaren 24an lotu dituzte Kolonbiako Gobernuko eta gerrillako negoziaziorako buruek argitzeke zeuden gaiak, alegia, gerrillarien amnistia, politikako parte-hartzea eta gizarteratzearen ingurukoak. Ekainaren 23an sinatu zuten gobernuko presidente Santos eta Rodrigo Londoña Echevarri Timochenko gerrillako buruak bake hitzarmena, Habanan, lau urteko negoziazioen ondoren. Urriaren 2an plebiszitua izango da eta herritarrek akordioa baitetsi ala gaitzetsiko dute. Data hori baino lehen bi aldeek behin-betiko akordioa sinatuko dute Kolonbian.
52 urteko gatazka armatuari amaiera eman zion Bukaerako akordioak, ekainean. Orduan adostu zuten bi aldeek armak alde batera uztea. Segurtasuna bermatzeko neurriak zein izango ziren zehaztu zuten eta bakea mehatxupean jartzen zuen edonoren kontra egiteko konpromisoa adierazi zuten.
Orduan adostu zuten armagabetze protokoloa: gerrillariek 180 egun izango dituzte arma guztiak uzteko, akordioa sinatzen den egunetik hasita. Ordura arte gerrillariak aldi baterako 22 kokaleku eta zortzi kanpalekutan egongo dira eta gobernuak, gerrillak berak eta nazioarteko ordezkariek egiaztatuko dute neurriak betetzen direla.
Abuztuaren 24ko akordioarekin gerrillarien etorkizunari buruzko gainontzeko erabakiak hartu dira. Santos presidenteak azaldu duenez, FARC-EPk bozeramaileak izango ditu Kolonbiako Kongresuan 2018ra bitartean eta ahotsa bai baina botoa emateko aukerarik ez dute izango, akordioaren inguruko gaietan salbu. 2018tik aurrera hauteskundeetara aurkeztu ahalko dira.
FARC-EPk kongresua egingo du datozen egunetan, bake prozesuari oniritzia eman eta alderdi politiko bat sortzeko bidean urratsak ematen hasteko. Datozen asteetan behin-betiko akordioa sinatuko dute gerrillako buruek eta gobernuak, Kolonbian, baina indarrean egongo da soilik herri kontsultan baietza ateratzen bada. Orduan, Kolonbiako Kongresuak legeak sortu beharko ditu, adostutakoa bermatzeko.