argia.eus
INPRIMATU
FARC-EP eta Kolonbiako Gobernua bildu dira Habanako akordioa berpizteko
  • Kolonbiako Gobernua eta FARC-EP gerrilla Cartagenan bildu dira asteburuan. Bake akordioa sinatu eta ehun egunetara, adostutakoaren inplementazioa gaizki eta berandu egiten ari direla jabetzean, konpromisoak hartu dituzte prozesua bizkortzeko.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 28a
Gobernuaren ordezkariak eta Rodrigo LondoƱo \'Timochenko\' (eskuinean). (Arg.: Rodrigo LondoƱoren twitterretik hartua)

Hasierako distira joan da, eta Habanan adostutakoa gauzatzeko zailtasunak, kontrakotasunak eta konpromiso falta azaleratu dira. Komunikabideen kamerak itzaltzean, Gobernuaren, politikarien, eta gizartearen utzikeria eta axolagabekeria handituz joan dira.

Egoerari buelta eman eta inplementazioa berpizteko Karibeko hirian bildu dira bi aldeen ordezkariak. Gobernuaren aldetik barne ministroa eta beste goi mandatari ugari izan dira Jesús Santrich, Ivan Marquez eta Rodrigo Londoño ‘Timochenko’ gerrillako buruekin. Juan Manuel Santos lehendakaria ere une batez bildu da gerrillako ordezkariekin.

Inplementazioa Jarraitzeko, Bultzatzeko eta Egiaztatzeko Batzordean bildu dira bi aldeak. Habanako Bake Akordioaren balorazioa egin dute, ahulguneak identifikatu, eta akordioa gauzatzen jarraitu eta azkartzeko hurrengo urratsak adostu dituzte. Ondorengoa konpromisoak hartu dituzte.

Konpromisoak

Apirilean Gobernuak zenbait lege proposamen aurkeztuko ditu Kongresuan. Nekazal erreforma aurreratzeko, Egiaren Batzordea eratu eta Desagertutakoen Bilaketa Unitatea sortzeko balioko dute lege horiek. Halaber, akordioaren inplementazioa bermatzeko Itun Politiko Nazional bat adostu nahi du Gobernuak. 2018an dira lehendakaritzarako hauteskundeak, eta baliteke Santosen ondorengoak ez izatea gogoko akordioa.

Egun ere ez dauka babes handirik akordioak. Bakerako Jurisdikzio Berezia onartu zuten orain dela gutxi Kongresuan, eta ustez han Gobernuak gehiengo zabala duen arren, boto juxtuekin onartu zuten. Desmobilizazio prozesuari buruzko eztabaidak egin dituztenean, kongresisten hutsune handiak izan dira hilabeteotan.

Gobernuaren esanetan, apirilean ere amaituko ditu eraikitzen FARC-EPko gerrillariak desmobilizatzen ari diren guneak. Desmobilizatuek jada bi hilabete daramatzate gune horietan baldintza kaskarretan.

Gerrillak berriz, bere kide guztien zerrenda emateko konpromisoa hartu du, baita hirietako miliziano klandestinoenak ere.

Bi aldeek armagabetzearen kronograma berretsi dute, hor ere atzerapenak izan baitira. Leku askotan Gobernuak ez ditu armagabetzerako beharrezkoak diren azpiegiturak eraiki. Hala, prozesu hori ekainaren erdialdera arte luzatuko da.