argia.eus
INPRIMATU
FARCeko gerrillari ohiek berriz armak hartuko dituztela iragarri dute
  • Kolonbiako gerrillako Iván Márquez buru ohiak eman du albistea, EFE agentziaren arabera. "Borroka etapa berri bat" hasiko dutela adierazi du.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 29a

Bideo batez eman du albistea Iván Márquezek: "Munduari iragartzen diogu bigarren Marquetalia hasi dela, munduko herriek zapalkuntzaren kontra altxatzeko duten eskubidean oinarrituta". Duela mende erdi FARC sortu zen lekuari egin dio erreferentzia hitzak.

Abenduan beteko dira hiru urte Habanako bake akordioak sinatu zirela. Geroztik ehunka gerrillari eta lider sozial hil dituzte. Egoera horretan, Ivan Marquez edo Jesus Santrich bezalako buruzagi historikoek sasira jo zuten duela urtebete inguru.

Zabaldutako bideoan, Márquez ikus daiteke Santrich eta beste hogei bat pertsona ondoan dituela armekin:

"Inoiz ez ginen ideologikoki garaituak izan –dio Márquezek bideoan–, horregatik borrokak jarraitzen du. Historiak bere orrialdeetan kontatuko du armak berriz hartzera behartu gintuztela".

FARCen webgunean manifestuaren testua paratu dute osorik, hemen irakurgai (pdf).

Gerrillari ohiek armak hartuko dituztela ezagutarazi ostean, FARCeko hainbat buruzagi esanguratsuk bakearen aldeko bere konpromisoa berretsi dute, hala nola Rodrigo Loroño Timochenko-k. Twitterrez azaldu duenez "gerrak ez du merezi oihartzunik ematea, askoz gehiago gara bakearen alde lanean segiko dugunak".

ARGIAk uztailean elkarrizketa egin zion Lina Arregoces Kolonbiako FARC alderdiko bozeramaileari eta egoera ulertzeko hainbat gako eman zituen bertan: "Nik uste borrokatzen den jendeak ez duela atzera egiten. Santrichen kasuaren modukoetan ikusi da printzipioei eusten jarraitzen duten pertsonak daudela. Ez direnak engainatzen uzten akordioa edozein terminotan defendatzen dutenengatik", zioen Arregocesek Z. Oleagaren galderei erantzunez. Bere ustetan "justizia sozialari loturiko bake batez" hitz egin behar da: "Herriak ez du utziko iruzur egin diezaioten".