Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebete antolakundeak Baionan elkartu dira Famili'on egonaldi ibiltariaren lehen edizioa aurkezteko. Hizkuntza mailaren arabera eskaintza bat edo beste egongo da eta haur zein gurasoentzat izango da udaberrian.
Plazara kolektiboak Euskal Herrian 2023an oporretarako programazio berri bat sortzeko kontaktuak hasi zituen, Kazeta.eus-ek jaso duenez. Bide horretatik, AEK eta Uda Leku "mahai inguruan bildu zituen, oporrak familian pasatu ahal izatea eta euskara ikasten segitzea uztartuko lituzkeen egonaldi bat sortzeko".
Aurten Ipar zein Hego Euskal Herriko oporrek bat egiten dute udaberrian, eta beraz, Euskal Herri osoko familiek erraztasun handiagoarekin parte hartu ahalko dutela jakinarazi du kolektiboak. Bere kidea den Eneko Gorrik adierazi du "proiektua aurrera eramateko erakundeen sostengua" behar zutela eta ondorioz, hainbat administrazio-eremutako erakundeengana jo zutela. Hala, Euroeskualdearen izenean Mathieu Berge, Euskal Hirigune Elkargoaren ordezkari bezala Joseba Erremundeguy, Nafarroako Gobernutik Javi Arakama eta Euskal Kultur Erakundetik Johañe Etxebest Baionako aurkezpenean agertzea lortu dute.
Egonaldi ibiltariak bi formula erabiliko ditu Kazetak jaso duenez. Lehenengoak barnetegi forma izango luke eta bost egun eta lau gauekoa izango litzateke, Baigorri eta Lesaka artean, eta euskara maila altuagoa (B1-B2) duten gurasoentzat zuzendua izango da. Bigarrengoak ikastaldi forma izango luke eta bost egun eta gau batekoa izango litzateke, Arbona eta Orio artean eta Oinarrizko hizkuntza maila (A2) duten gurasoentzat zuzenduko da.
Bi formuletan talde txikiak egotea bermatuko dute eta aste bakoitzean 3 eta 11 urte bitarteko haurrak dituzten hogei familia elkartuko dira. Aste bakoitzaren prezioa 300 eta 650 euroren artekoa izango da, eta prezioek gora edo behera egin dezakete haur kopuruaren edo hautatutako formularen arabera. Prezioan apairuak, garraioa, lo tokia, aktibitateak, klaseak, animazioak eta materiala sartzen direla jakinarazi du Plazara kolektiboak.
Eneko Gorrik argitara ekarri du egonaldia "pasaporte" moduko bat dela "lurraldea eta kultura hobeto ezagutzeko"; eta, nahiz eta aurtengoa "esperimentu" bat izan, hurrengo urteetan proiektua "berritzea eta dibertsifikatzea" espero dute. Dagoeneko izena emateko aukera dagoela ere iragarri dute.