Familien zaintza lanen kontziliaziorako neurriak hizpide izan dira asteazkenean Gasteizko Legebiltzarrean, aitatasun baimena luzatzea eta errenta baxuko familientzat Haurreskolak doakoak izatea, besteak beste. Oro har, alderdiak ados agertu dira proposatutako neurriekin.
Gasteizko Legebiltzarrean demografiari eta familiei lotutako osoko bilkura egin dute asteazkenean, EH Bilduk eskatuta. Parlamentuak lauhileko honetan onartzekoa duen Familiei Laguntzeko VI. Plana izan zen hizpide, eta 80 proposamen baino gehiago onartu ziren.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburu Beatriz Artolazabalek proposatu du aita edo bigarren guraso direnei hiru hilabeteko eszedentzia ematea. Haurra jaio eta lehen hilabetean hartu ahal izango dute, betiere amaren amatasun baimenarekin bat egin gabe. Egungo lau asteko aitatasun baimenari gehituko zatzaizkio hiru hilabeteok. Baimenak iraun bitartean, kotizaziorako oinarriaren %100a kobratuko lukete eszedentziadunek.
Artolazabalek gizon eta emakumeen berdintasunaren aldeko neurriak proposatu ditu, martxoaren 8ko mobilizazio feministei erantzunez. Diru Sarrerak eta Inklusioa Bermatzeko 2008ko Legearen erreforma ere eskatu du, gizarte larrialdi laguntzetan eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan (DSBE) familiei ematen zaien arrera hobetzeko. Horretarako, errenta jasotzen duten eta haurrak dituzten familien gutxieneko errolda denbora bi urtera jaitsiko du, eta guraso bakarreko familiek jasotzen duten laguntza osagarria igoko du. Bestalde, bigarren haurra izateagatik jasotzen den laguntza bitik hiru urtera luzatu nahi du.
Gainera, EAJk eta PSE-EEk Erakunde arteko gogoeta lantalde bat sortzeko eskatu diote Jaurlaritzari, Finantzen Euskal Kontseiluaren barruan, uste baitute egungo laguntza eta zerga sistemak familia dirudunenak saritzen dituela.
Bestalde, 18.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten familientzat Haurreskola doakoa izatea eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta ados agertu dira gainontzeko alderdiak.
Demografiaren arazoa
Gainontzeko herrialdeekin alderatuta, jaiotza tasa baxuak dituzte Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, eta populazioa zahartu egin da azken 40 urteetan. Alta, EH Bilduk euskal erakundeei leporatu die ugalketa “merkatuaren beharrekin eta ongizate estatuaren iraupenarekin” lotu dutela, eta koalizioko Nerea Kortajarena legebiltzarkideak esan du arazoa ez dela jaiotza tasa apala, “ugalketa eskubideak ukatzea” baizik.
Alderdi guztiak ados agertu dira Kortajarenak esandakoarekin, eta honek pozik erantzun du: “Denok onartu duzue helburua ez dela jaiotza tasa handitzea, eta hori bada paradigma aldaketa bat”.
PSEko Gloria Sánchezek egungo politikak “paternalistak” direla kritikatu du; bere ustez erakutsi dutela “ez direla haurrak edukitzearen ordainetan dirua jasotzeko”. PPko Laura Garridok, bestalde, Eusko Jaurlaritzen murrizketak kritikatu ditu.
Eztabaida eta ekintzarako tartea izan da asteazkenean, eta adostasuna nagusi gainera: EH Bilduk proposatutako neurrien erdiak onartu ditu legebiltzarrak. Kortajarenak esan du horrelako gizarte politikekin jaiotza tasa “berez” igoko dela.