argia.eus
INPRIMATU
Ikasmateriala erosteko familientzako laguntzak DBHko bigarren ziklora zabaldu ditu Jaurlaritzak
  • DBH 3 eta 4. mailako ikasleek datorren ikasturtean beharko dituzten ikasmaterialak diruz lagunduko ditu Eusko Jaurlaritzak lehenengo aldiz, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartearen aldarrikapen historikoari erantzunez. Seme-alabak maila horietan dituzten familiek, beraz, gastu ekonomiko gutxiago egin beharko dute hemendik aurrera.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko uztailaren 10a
DBHn, Hezkuntza Sailak 103 euro jarriko ditu ikasle bakoitzeko, eta familiek 41 eta 45 euro artean ordainduko dute. Argazkia: IkasElkar

Orain arte, curriculum-materialak laguntzeko programak DBH2 mailaraino hartzen zuen eta DBHko azken mailaraino zabaldu dute orain programa. Horrek esan nahi du eskola publikoetako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle guztiei zuzenduko zaiela, hemendik aurrera, ikasmaterialean egiten den gastua diruz laguntzeko programa.

Testuliburuen mailegutza, berrerabilera edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira ere, ikasmaterialak gastua izaten jarraitzen du hainbat etxetan

Hain justu, orain arte diruz lagundua izan ez den DBH4 mailako ikasle baten gurasoak eginiko gastua kontatu genuen iaz ARGIAn: DBH 4ko sei testuliburutan 223 euro ordaindu zituen Ainhoak, lau liburu ikasturte horretako edizio berriak, gainerakoak berrerabiltzeko aukerarik gabe, "ez familian, ez lagunartean, ez bigarren eskuko plataformetan". Testuliburuen mailegutza, berrerabilera edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira ere, ikasmaterialak gastua izaten jarraitzen du hainbat etxetan. Adibidez, ikasgai eta maila jakin bateko testuliburuan egokitzapenak egin eta edizio berria atera badute, erostea beste erremediorik ez zaio geratuko familiari. Testuliburu %100 digitalak ere ohiko bihurtu dira Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera.

103 euro DBHn

Aipatu dugun laguntza programaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 35 euro jarriko ditu Lehen Hezkuntzako ikasle bakoitzeko, eta familiek, mailaren arabera, 27 eta 31 euro artean ordainduko dute ikasmaterialagatik. DBHn berriz, Hezkuntza Sailak 103 euro jarriko ditu ikasle bakoitzeko, eta familiek 41 eta 45 euro artean ordainduko dute.

Udalek ere dirulaguntza bereziak ematen dituzte testuliburuen gastuari aurre egiteko.