argia.eus
INPRIMATU
Familiako nekazaritza desagertzeko zorian dago Europan, salatu du Sinn Feineko eurodiputatuak
  • Ezagutzen dugun familia nekazaritza mehatxupean dago eta hau izan daiteke Europar Batasuneko familia nekazarien azken belaunaldia, Chris MacManus Sinn Feineko eurodiputatuaren arabera; izan ere, bere kezka azaldu zuen lurraren kontzentrazioagatik eta ustiategi txikientzako segurtasun sare zabalagoa eskatu zuen.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 26a
Argazkia: Navarra TelevisiĆ³nn

"Oso kezkatuta nago familia nekazarien azken belaunaldia izango delako Europar Batasunean", esan dio Chris MacManus Sinn Feineko eurodiputatuak EURACTIV hedabideari, eta EBko familia nekazaritzaren eredua salbatzeko neurriak hartzeko "erlojuaren aurkako borrokan" gabiltzala gaineratu du: "Familia duten pertsonak dira, eta askorentzat, belaunaldiz belaunaldi egin duten bizimodu baten amaiera esan nahi du".

Janusz Wojciechowski nekazaritza komisionatuak berriki aipatu zuen egunero 1.000 nekazarik erabakitzen dutela lanbidea uztea, errentagarritasun faltaren ondorioz. Macmanusek, horri gehituz, uste du honek osasun mentalean duen larritasuna ulertzeak azaldu dezakeela zergatik, esaterako, Frantzian bi egunean behin nekazari batek egiten duen bere buruaz beste.

MacManus Europako Parlamentuan da Nekazaritza Politika Bateratuaren (PAC famatuaren) negoziatzaileetaa da eta uste du familiako nekazaritza-ustiategi txikien desagerpenaren errudunetako dela lurraren kontzentrazioa, nekazari txikiak lurra uztera behartuta aurkitzea, kronikoki errentagarria ez delako, ondoren enpresa handiek erosteko.

COVID-19aren krisiak sektorean merkatu-boterearen kontzentrazioa larriagotu egin du, ohartarazi du MacManusek, eta "eskalako ekonomiarik ez lortzeak eta supermerkatuetako prezioen gerren pisua jasan behar izanak" eragin dute nekazari askok aurrera jarraitu ezin izatea. Orain, MacManusek dioenez, krisia larriagotzear dago eta konbinatzen ari dira bi faktore: alde batetik laborari askok beren produktuak ekoizpen kostuen azpitik saldu behar dituztela eta, bestetik, Europar Batasunaren diru-laguntzak murrizten ari direla. Horregatik, Europar Batasunaren PAC funtsek sinesgarritasunik edukitzekotan "segurtasun sare bat zabaldu behar dute etxalde txiki eta ertainek iraun dezaten".

Horretarako MacManusek proposatu du PAC funtsak eskuratu nahi dituzten etxaldeen lursailak kalkulatzerakoan, lehenbiziko hektareek dirulaguntza handiagoak edukitzea eta hektarea kopuru jakin batetik goragokoek txikiagoa, horrela sustatuko liratekeelako baserritar txiki eta ertainen etxaldeak.

Merkatua kontrolatzeko, merkataritza-jardunbide desleialei buruzko zuzentarau berria are gehiago indartu behar dela gaineratu du, EB osoko supermerkatuetan laborarien produktuak kostuen azpiko prezioetan saltzea debekatuz, "hori ez egitekotan ahultzen delako dendari txikien posizioa, bezeroek litro bat esneren edo kilo bat txahalkiren benetako prezioaz duten pertzepzioa ahultzen den bezala".

Via Campesinaren Europako koordinazioaren kalkuluetan, 2005tik 2016a bitartean Europar Batasunak 4,2 milioi etxalde galdu zituen, zeuzkan guztienen laurdena.