Adingabeak fiskaltzan deklaratu du eta aske utzi dute Berria egunkariak jakinarazi duenez. Sexu erasoa salatzeko bilkura egingo da urriaren 21ean, Elizondon, 19:00etan.
Neska, Elizondon, Nafarroa Oinezeko osasun gunean artatu zuten eta salaketa foruzaingoaren esku utzi zuten. Euskadi Irratian egindako adierazpenetan baieztatu du familiak sexu erasoa jasan zuela neskak.
Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak eman ditu familiak baino lehenago hainbat argibide Euskadi Irratian bertan. Urriaren 18an, Elizondon, Nafarroa Oinezeko osasun guneetako batean adin txikiko neska bat artatu zuten. Sexu erasoen aurkako protokoloa abian jarri eta salaketa jarri zuten. Foruzaingoak handik aurrerakoak egin ditu.
Reparazek esan du gogor eta indar guztiz gaitzesten dutela ustezko ekintza: “Guk bultzatzen dugun gizarte ereduaren eta ikasleei ematen diegun hezkuntza ereduaren guztiz kontrakoa da gertatutakoa. Neskari eta familiari gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu”. Bestalde, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak foruzaingoaren erantzun azkarra eta profesionala azpimarratu du eta haiei eskerrak eman dizkie.