Lerroburua irakurrita baten batek pentsa lezake idazki honen helburua dela ikastetxea aukeratzeko familien balizko eskubidea sostengatzea. Ez da hori asmoa, ezta urrundik ere.
Zenbaitentzat hori oinarrizko eskubidea omen da, baina denona eta denontzako hezkuntza publikoa aldarrikatzen dugunontzat diskurtso horrek pribilegio batzuei eusteko baino ez du balio.
Zer da gizarte batean aldarrikatu behar duguna? Osasun sistema, zaintza, hezkuntza… publikoa, unibertsala, kalitatezkoa… Azken hilabeteotan zaurgarritasun indizea aitzakiatzat hartuta, hainbat ikasleri hezkuntza publikorako sarbidea ukatu zaie. Argudioa ez da izan zegokion ikastetxe publikoa beterik zegoela, arrazoia izan da ikastetxe horrek dagoeneko bazuela administrazioak ezarri duen zaurgarri kopurua beteta.
Gure administrazioa kezkatzen hasia da segregazioarekin, ikasle falta dugun sasoi honetan, denontzako “bezerorik” ez dagoen urte hauetan. Beraz, agian kezka iturria ez da gure hezkuntza sistemak bizi duen segregazio maila baizik eta jaiotze tasa baxuaren ondorioa.
Eusko Legebiltzarreko parlamentariak zein bestelako arduradunak Kataluniara joan ziren segregazioari aurre egiteko argitasun bila eta han, antza, erantzunak topatu zituzten. Eta horren ondorioa izan da zenbait ikasle hezkuntza sistema publikotik baztertuak izatea.
Zaurgarritasun indizea inkesta baten bitartez eskuratzen du administrazioak, beraz, inkesta batek zaurgarri bihurtu ahal du familia bat eta oinarrizko eskubidea, hezkuntza publikoa, ukatu. Formula zaharra: apartheida, bazterkeria, administrazioak zaurgarriaren lekuan , baliabide gutxi duenaren lekuan erabaki zer komeni zaion. Hertzainak taldeak, Christian Mooreren No time for love abestiaren bertsioan ezin hobeto azaltzen zuen: horien legeak guretzat apartheid… gure eskualdeko zenbait familiak horrela bizi izan dute, hezkuntza publikoan ikasi nahi eta ezin.
Hasieratik hezkuntza publikoaren komunitateak desadostasun osoa azaldu du, baina interes handiak daude lege honekin aurrera egiteko
2021etik ikusi ahal izan dugu Hezkuntza Lege berriak izan duen ibilbidea, hasieratik adostasunera heldu ziren legebiltzarreko talde nagusiak. Lege hau ez da behetik gora eratu, kontrakoa, zenbait alderdiren artean kozinatu ziren lege berrirako oinarriak eta parte-hartzearen berniza eman nahi izan diote.
Sasi parte-hartze prozesu honetan Eusko Ikaskuntzaren laguntza ere izan zuten, aniztasuna eta parte-hartze prozesua islatu nahian, baina hasierako gidoitik atera barik. Hasieratik hezkuntza publikoaren komunitateak desadostasun osoa azaldu du, manifestazio jendetsuak, zenbait forotan euren desadostasuna adierazi dute eta ekarpenak egin dituzte EHIGEk (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen elkarteak), HEIZEk (Euskal Eskola Publikoaren zuzendaritzaren elkarteen federazioak), Eskola Publikoaren aldeko plataformek… baina interes handiak daude lege honekin aurrera egiteko, ikusi besterik ez itunpeko ikastetxeen patronalen presa lege hau ateratzeko.
Urriaren 18an, EHIGEko presidenteak hezkuntza publikoaren komunitatearen iritzia eman du Berria egunkarian: “Euskal Eskola Publikoaren alde eta Hezkuntza Legearen aurka, kalera”.
Laburbilduz, gela itxi batean kozinatu denak aurrera egingo du, erromeria honetan EAJ dantza bikotea aldatuz badabil ere.
Lerroburura itzulita, Derecho de familia (Familia eskubidea) argentinar filmean (2006) bikote batean batak besteari horrela diotso: “Zer egiten dugu gure semea suitzar ikastetxe batera eramaten? Nire arbasoak poloniarrak izanda eta zureak espainiarrak”. Errealitateak fikzioa gainditu ohi du eta horixe gertatuko da gure artean, familia batek eskola publikoan seme-alaba hezi nahi eta suitzar ikastetxe batean edo kristau eskola batean edo… Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoak denak berdintzen ditu eta.
Bertsolariak abestu bezala, batzutan aldapa dator bizitza ez da ordeka, horregatik bide malkartsu eta errebueltaz beteriko honetan ez dugu etsiko eta hurrengo hitzordua datorren urriaren 29an izango dugu Donostian, 12:30ean Bulebarretik abiatuko den manifestazioan Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez! lelopean.
Koldo Zabala Atxa, Eskola Publikoko irakaslea eta gurasoa