argia.eus
INPRIMATU
Santander bankuak Iruñean familia bat etxetik bota nahi duela salatu dute
  • Auzoko familia bat etxea galtzeko arriskuan dagoela salatu du Berriozarreko Hipotekak Kaltetuen plataformak, hipoteka 600 eurotik 1.150 eurora igo eta gero. Familiarentzako irtenbide bat eskatu du plataformak.

Julene Flamarique 2025eko urtarrilaren 09a
Ahotsa.info

Fred Agbontaen Berriozarko bizilagunaren eta haren familiaren etxegabetzea saihesteko irtenbide bat eskatu du asteazkenean Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak. Etxebizitza 2006an erosi zuen familiak, hipoteka baten bidez, Unión de Crédito Inmobiliariorekin (Banco Santander eta BNP Paribas partaide dira). Hipoteka hasiera batean hilean 600 eurokoa zen, baina 1.150 eurora igo zen 2008an eta azkenean ordainezina bilakatu zaio familiari. Agbontaenek enplegua du gaur egun, baina bere diru-sarrerak dira familiaren mantenu bakarra, eta zati bat Nigerren dituen ama eta arreba laguntzera bideratzen dute.

Plataformak elkarretaratzea antolatu du Banco Santanderrek Gazteluko plazan duen bulegoaren aurrean, erantzunik gabeko etxegabetzerik ez lelopean. Jesús Fernández plataformako kideak azaldu duenez, emaitzarik gabeko hainbat negoziazioren ostean, etxebizitza enkantean jarri dute, oraindik etxegabetzeko datarik ez dagoen arren. "Pertsona asko mobilizatuko ditugu hori gerta ez dadin", adierazi du. Horrez gain, salatu dute bankuak ez duela etxea ordainetan onartzen, erreforma batzuen ondorioz erkidegoarekin zorra duelako, eta ez duela alokairu sozialerako aukera aztertu nahi izan. Nafarroako Gobernuaren bitartekaritza bilatuko duela iragarri du plataformak.