argia.eus
INPRIMATU
Pertsona bat etxetik bota du Ertzaintzak Hernanin eta istiluak izan dira
  • Eguerdian amaitu du pertsona baten etxegabetzea Ertzaintzak Hernanin. Gainera, behin baina gehiagotan oldartu da protestan zeudenen kontra. Kontseilu Sozialistak protestarako deia egina zuen goizean goizetik eta jende ugari bildu da etxearen inguruan. Gutxienez pertsona bat atxilotu du Ertzaintzak, eta hainbat identifikatu ditu.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 07a

Emakume bat etxetik bota du Ertzaintzak Hernanin, eta atarian Kontseilu Sozialista Buruntzaldeak deitutako protestara batu direnen aurka egin du behin baina gehiagotan.

Sarrailagileak uko egin dionez atea irekitzeari, Ertzaintzak indarrez txikitu du eta familia aterarazi.

Kontseilu Sozialista Buruntzaldeak maiatzaren 11n argitaratutako oharraren arabera, "ez da lehen aldia familia etxegabetzen saiatzen direna". Ekainaren 7ko saiakera, ordea, behin betikoa da.

"Hernaniko Udalaren konplize jarrera" salatu du Kontseilu Sozialistak, familiako kideari errolda eta horrekin lotutako laguntzak ukatu dizkiotela salatuz. Bide batez, etxebizitza legearen eraginkortasun falta azpimarratu dute.

Istiluak amaieran

Orduak aurrera joan ahala, tentsioa igotzen joan da atarian bildutakoen eta Ertzaintzaren artean. Agenteak hainbat aldiz oldartu dira auzokideen aurka, azpiko bideoetan ikus daitekeenez.

Hernaniko Udala: "Ez saiatu etekin politikorik ateratzen pertsona zaurgarriekin"

Hernaniko Udaleko iturriek ARGIAri adierazi diotenez, kasua "konplexua" da. Izan ere, udalak gerora hedabideetara zabaldutako oharraren arabera, etxetik kaleratua izan den pertsonak "uko egin izan dio (udalaren) ibilbidea lantzeari". Hala eta guztiz ere, udalaren esanetan, gaur, behin etxetik egotzita, "pertsona hori zerbitzu sozialekin ibilbidea lantzeko prest" agertu da, eta "hitzordua lotuta dauka" hurrengo egunerako.

Azken paragrafoan, bide batez, nabarmendu du "justizia eta legezkotasuna" defendatu behar dela, eta, aldiz, "ez saiatzea etekin politikorik ateratzen egoera zaurgarrian dauden pertsonekin".

Kontseilu Sozialista: "Errolda soziala onartzeko exijitzen diogu Udalari"

Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak, bestalde, ohar bidez "gezurtatu" dute udalak ohar horretan esandakoa. Besteak beste, seinalatu dute, Hernaniko Udalak aterpetxe misto baterako sarbidea iradoki ziola etxetik kaleratua izatear zen pertsonari, baina kasuistika ez zutela aintzat hartu: "Udalak jakin badaki etxegabetuak bortxaketa bat jasan zuela horrelako aterpetxe batean; horrek balizko aukera hori ezerezean uzten du".

Bide batez, Hernaniko Udalaren oharra bera "haien burua zuritzeko ariketa hutsa besterik ez" dela nabarmendu dute bi kolektiboek. Horrez gain, administrazioari "erantzukizun politikoa" eskatu, eta kasuari alternatiba bilatzeko, "errolda soziala onartzeko" exijitu diote.