argia.eus
INPRIMATU
Haur jaioberria duen familia bat etxegabetze arriskuan dagoela salatu dute Gasteizen
  • Alokabidek gutxienez sei etxegabetze prozesu ireki dituela salatu du Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak. Horietako bat uztailaren 18an izanen da.

Olaia L. Garaialde 2024ko uztailaren 15a
Soraluzen (Gipuzkoa) egindako etxegabetze bateko irudia. Argazkia: Gedar

Alokabideren iruzur baten biktima izandako familia bat etxegabetzeko arriskuan zegoela salatu zuen Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak duela hilabete. Sindikatuak etxegabetzea atzeratzea lortu bazuen ere, iragarri dute uztailaren 18an, goizeko 10:30ean familia etxegabetuko dutela. Dei egin dute egun eta ordu horretan, Salburua bulebarreko 64 zenbakira joan, eta elkartasuna adieraztera.

Bertan, bi hilabeteko haur bat daukan familia bat bizi da. Sindikatuak azaldu duenez, web orri batean iragarrita aurkitu zuten etxebizitza, eta 2.000 euroko ordainketa egin zuten: “Ordaindu ostean, familiak jakin zuen iruzur egin ziotela etxegabetze demanda jaso zuenean”. Gaineratu dute egoera “zaurgarrian” egon arren, “alternatibarik gabe” bota nahi dituela Alokabidek.

Sindikatuak azaldu dudezn, Espainiako Etxebizitza Legeak dionez, horrelako egoeretan, protokolo bat martxan jarri, eta gizarte zerbitzuak automatikoki aktibatu beharko lirateke etxegabetzea aztertzeko: “Sindikatura heldu diren kasu guztietan, ez Alokabidek, ez epaitegiek, ez diete gizarte zerbitzuei egoeraren berri eman”. Hori beharrean, familiaren egoerari “entzungor” egiten diotela eta “arduragabekeriaz” jokatzen dutela salatu dute: “Familiek kontraturik ez duten kasuetan, Alokabidek zuzenean prozedura judizialetara jotzen du, barne protokoloa aktibatu gabe”.

Etxegabetzen %20,6 erakunde publikoen eskutik

Sindikatuak salatzen duena ez da kasu isolatu bat; pertsona ugariri eragiten die. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak emandako datuen arabera, Alokabidek 2023an 80 etxegabetze-demanda abiarazi zituen eta 50 etxegabetze gauzatu zituen; horietatik 21 Araban. Horregatik, esan dute Alokabide bezalako erakunde publikoek ez dutela “inongo” borondaterik pertsona horien egoerei irtenbide “duin” bat emateko: “Alokabideren etxebizitzetan bizi diren pertsona gehienek egoera ekonomiko ezkorra dute”.

Sindikatuak duela gutxi ateratako 2023-2024 ikasturteko balantzearen arabera, 1.055 pertsonari aholkua eman dio azken ikasturtean. Ondorioztatu du etxegabetze kasuen %20,6 erakunde publikoek, Alokabide kasu, agindutakoak direla.