argia.eus
INPRIMATU
‘Txina komunismoaren aurretik’ ikuskizuneko sektaren atzean dagoen kuxidadea
  • Iazko urtarril-otsailean izan genuen Hego Euskal Herrian bisitari, egundoko propagandaz girotuta baina aparteko arrakastarik gabe, Shen Yun izeneko antolakundearen “Txina komunismoaren aurretik” ikuskizuna. Agian neuk ere esan behar nuen zerbait orduan, haren aditzera banuelako; baina askoz txukunago egin zuen Elixabete Garmendiak Berrian, eta ezeginaren harra uxatu zidan.

Mikel Aramendi 2024ko abuztuaren 20a

“Kursaaleko eta Euskaldunako arduradunek ez al zekiten zer kuxidade zegoen Shen Yunen atzean?”, galdetzen zuen E. Garmendiak orduan, antolakundearen eta ikuskizunaren jendaurreko aurkezpen hutsaren harira. Bada, ez zekiten edota ez zuten jakin nahi izan. Edonola ere, ez da erraza Falun Gong eta Shen Yunen atzean dagoen kuxidade guzti-guztia jakitea.

Orain, The New York Times ospetsuak, haren egoitza nagusia bertatik bertara daukala aprobetxatuz edo, behatu du mugimendua, kide izandako hainbaten testigantza jasoz. Osatu duen irudia ezagun samarra egingo zaio sekta hondagarrien aditzera pittin bat duen edonori. Kideak eskrupulu eta gizalegerik gabe errekrutatzea eta, ondoren, haiekiko abusu gupidagabea behintzat ereduzkoak dira. Kuxidade hori pasatu zen Donostiatik eta Bilbotik “ikuskizun” bihurtuta, benetako egitatearen aztarna batzuk utziz.

Baina NYTen oraingo hau ez da Falun Gongen atzean dagoen kuxidade horren inguruko lehen zantzu kezkagarria. Gai horri buruz Txinako hedabide ofizialetatik letorkeen guztia dela sortzez baztergarria deritzonak, halako tatxarik ez dutenetan ere aurkituko ditu argibideak. Izatez, ez da lehen aldia NYTek berak arreta eskaini diola gaiari... mugimenduaren konexio politikoen harira.

Sekta hondagarria ez ezik erakunde politikoa ere badelako Falun Gong. Ultraeskuinekoa, Garmendiak zioen bezala, gure hizkeran. Baina Txinako ikuspegi ofizialarentzat, atzerriko etsaien ezkutuko lankide izatea du arbuiagarriena.

Txinan bertan gogotik jazarri eta pertsegitua (baina ez mugimenduak berak dioen eran ez mailan) azken 25 urte hauetan, benetako sorleku duen Taiwanen gotortu da Falun Gong; eta azken urte hauetan AEBetako diaspora txinatar xehean errotu da hein batean, “China hawk” estatubatuar guztiekin sintonia estuan. Eta bere sekta-opakutasunetik, munduko bi potentzia nagusien arteko gerra kognitiboaren protagonista garrantzitsuetako bat da gaur egun.

Ez da nolanahiko kuxidadea, ez.