argia.eus
INPRIMATU
AHTaz Frantziako Trenbide Sareak emandako datuak faltsuak direla salatu dute
  • Faltsuak dira Ipar Euskal Herrian Abiadura Handiko Trenaren lanak hasi aurretik Frantziako Trenbide Sareak emandako datuak. CADE, Ingurumenaren Aldeko Elkarteak uste zuen datuak faltsuak zirela eta orain frogatzea lortu dutela azaldu zuten prentsaurrekoan. Urriaren 17an emango dute informazio guztia Mugerren egingo duten bilkura publikoan.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2014ko urriaren 17a
AHTaren aurkako protesta Baionan. (Argazkia: Berniere Patrick)

Pantxoa Teiller CADEko kideak salatu du AHTa egitearen beharra justifikatzeko sortu zen behatokian eman ziren datuak okerrak zirela. Bi adibide jarri ditu Euskal Irratiek eta Kazeta.eus-ek jaso dituzten adierazpenetan.

Teillerrek esan du, Frantziako Trenbide Sarearen hitzetan 2006tik 2012ra bitartean tren kopurua 90 trenekoa zela eta datuek berriz, 52 trenekoa dela frogatu dutela. Era berean, 2006 eta 2012 urteen artean Frantzian eta Espainian merkantzia garraioa %50ean gutxitu dela nabarmendu du CADEko kideak: "Bereziki AHTen kopurua Hendaia eta Baiona artean gutxitu da, eta aldiz tokiko trenek gora egin dute”.

Teillerren hitzetan, garrantzitsuena da emaitzak “argi” usten dutela ez dagoela AHTaren beharrik.