argia.eus
INPRIMATU
Falcianiren atxiloketa, politikari katalanak estraditatzeko presio neurria?
  • Asko izan dira atxiloketa Kataluniako egoerarekin lotu dutenak, Anna Gabrielen eta Marta Roviraren estradizioetan presio egin nahi duelakoan.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko apirilaren 05

Bost urteko kartzela zigorra ezarri zion bere garaian Suitzako Auzitegi Penalak HSBCko hainbat bezeroren datu pribatuak azaleratzeagatik. Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen Suitzaren epaia, Espainian delituok zigorrik ez dutela argudiatuta. Bost urte geroago Espainiako Poliziak atxilotu egin du Suitzaren esku uzteko asmoz.

Duela hiru urte munduko zerga iruzurgile aberatsenen zerrenda atera zuen argitara Hervé Falciani informatikari adituak, nazioarteko hainbat hedabiderekin elkarlanean. Suitzako Auzitegi Penalak HSBC bankuko 100.000 bezeroren informazio pribatua zabaldu izana egotzi zion. Akusatua ez zen epaiketan azaldu eta Espainiako Auzitegi Nazionalak bere aurkako karguak ezerezean utzi zituen delituok Espainiako Estatuan zigor gabeak direla argudiatuta. Ordutik, Espainiako Polizia bere bizkartzain gisa aritu da; berau arduratu da halaber Falciani atxilotzeaz.

Asteazken arratsaldean atzeman zuen Espainiako Poliziak Madrilgo unibertsitate bateko ekitaldi batera zihoala. Eldiario.es-ek jaso duenaren arabera, Auzitegi Gorenak ez zuen atxilotze aginduaren berririk. Espainiako Barne Ministroak argudiatu du Espainiako Poliziak Falciani atxikitzeko nazioarteko agindu bat jaso zuela martxoaren 19an eta ordutik bere bila ibili direla. “Agindua bete baino ez dugu egin”, adierazi du Juan Ignacio Zoido Ministroak.

Espainiak Suitzari eginiko “faborea”

Zeresana eman du Falcianiren atxiloketa zein garaitan gertatu den. Miguel Urban Podemoseko eurodiputatuak, esaterako, informatikaria egun Suitzaren esku uztea Espainiak Vienari egin dion “fabore” gisa uler daitekeela ohartarazi du. “Falcini atxilotuta Espainiak Anna Gabrielen eta Marta Roviraren estradizioetan presio egin nahi du”.

Hainbat eurodiputatuk Bruselari eskatuko diote Falcianiren alde egitea, bere lanari esker diru kantitate esanguratsuak berreskuratu baitituzte Europako zenbait estatuk. Besteak beste, Falcianik Espainiako Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin kolaboratzeari esker, 300 milioi euro eskuratu zituen 659 iruzurgile fiskal atzemateagatik.

Euskal herritar ugari zerrendan

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak berretsi du 2013an ebatzi zela Falciani kasua eta orduko delitu berak leporatzen bazaizkio, kasua bere horretan utziko duela epaiak indarrean jarraitzen duelako.

Mundu mailako pertsona esanguratsuak agertu ziren Falcianiren zerrendan 2015ean, dozenaka euskal herritar tartean. Esateko, 80 gipuzkoarren kasuan Espainiako Zerga Agentziak ikerketa fiskala abiatu zuen pertsona horien aurka. Gehienak enpresariak eta ondasun askoko herritarrak ziren eta ordura arte ez zioten Ogasunari kontu horien berri eman. Ikerketaren ostean denek itzuli zuten zor zuten ezkutuko dirua.