argia.eus
INPRIMATU
Ruper Ordorika
“Faktoriarekin jarraitzea da nire mezua. Azken urteetan galdu ditugu egitasmo aski interesgarriak euskaldun kantarientzat”
  • Ruper Ordorika (Oñati, 1956) Aiaraldeko Ekintzen Faktoriaren irekiera ofizialaren protagonistetako bat izango da larunbatean. Bi musika emanaldi eskainiko ditu eta horri zein bere iragan aberats eta interesgarriari buruz mintzatu da.

Aitor Aspuru Saez Aiaraldea @aiaraldea 2021eko maiatzaren 13a
Ruper Ordorikak Aiaraldeko Ekintzen Faktoriako oholtza hartuko du larunbatean. / Jalgi

Zer ikuskizun mota eskainiko duzu larunbatean Faktorian?

Bakarka arituko naiz gitarrarekin eta ahotsarekin. Errepertorio zabala daukat, ez dakit zehazki zer joko dudan, baina sasoi guztietako kantuak, beste modu batean emanak. Badut diskoa horrela eginda, bakarrik, eta aldiro abesti batzuk sartzen ditut, malgutasun handia ematen baitu horrek.

Alarma egoeraren osteko lehen kontzertua izango da.

Bai, baina aspaldi nabil jotzen. Duela 11 hilabete hasi nintzen proposamenak jasotzen eta hasieran ezezkoan nengoen, baina gero hobeki pentsatu eta ekainean hasi nintzen kontzertuak ematen. 

Baldintzak asko aldatu dira. Jendeak behar du distantzia mantendu, eta komunikazioa ezberdin egiten da. Edonola ere, pizgarria izan da. Zalantzak sortu zitzaizkidan hasieran baina, behin hasi eta gero, eman ditut kontzertu batzuk. 

Jendea egarri dago eta nik ere behar dut aritzea, bestela badirudi denak bestelako norabidea hartzen duela. 

Egia esanda, larunbateko kontzertuari garrantzia gehiago ematen diot, aspaldidanik jo ez dudalako Laudion eta Aiaraldean. Beti da pozgarria itzultzea.

"Larunbateko kontzertua berezia izango da Laudiora eta Aiaraldera itzuliko naizelako. Beti da pozgarria hori"

Nola eragin dizu zuri pandemiak? Ematen du barrura begira bizi den pertsona zarela, hori abantaila edo arazoa izan da?

Eguneroko bizitzak lagundu nau oreka mantentzen eta lur gainean izaten oinak ondo erroturik. Eguneroko beharrak eta errutinak laguntzen dute familiaz eta lagunez ez aldetzen, erroak ez galtzen.

Lagunak aipatuta. Duela gutxi itzuli da Joseba Sarrionandia erbestetik, elkarrekin egon zarete?

Bai, egon gara elkarrekin eta oso ongi ikusi dut.

Josebarekin Potten ibili zinen, eta egitasmo horretan ibilitako asko -Bernardo Atxaga ere- mito bilakatu zarete jadanik euskal kulturan. Proiektua abiatu zenutenean anbizio hori zenuten?

Uhmmm... Aski bereziak ginen elkartutakoak, nor bere gogoetekin, baina ez genuen inongo pretentsiorik. Uste dut, edo horrela sentitzen dut, izugarrizko zortea izan nuela, sasoi horretan ez zelako batere erraza norberak behar zuen entzulea aurkitzea. Edonola ere, talde hori, nolabait, gerora banan-banan sortutako lanak direla medio errotu da. Ikaragarrizko garrantzia ematen geniolako, hain zuzen, sormenari; eta horrek oinarri sendoa jarri zuen. 

Nire ikuspuntutik, guztiz axolagabeak ginen urte horietan. Ez genuen estrategiarik, soilik sormena eta gure begirada lantzea, elkarri babestuz, irakurriz eta kritikatuz. Musikari bakarra nintzenez, uste dut hori gogoan izan behar dudala, besteen arreta nuen nik egiten nituen kantuetarako. 

Adiskidetza handia atxikitu dugu urteetan zehar eta geroko lanek eman diote garrantzia ordukoari, bestela ahaztuko zen.

"Jendearentzat dudan mezua da Faktoriaren egitasmoarekin jarraitzea"

Potten babes kolektiboa izan zenuen, baina gero zure kabuz ibili zara ia bizitza osoan. Horrela hainbat disko kaleratu dituzu eta munduko hamaika txokotan aritu zara. Oraindik gauza asko dituzu egiteke?

Niretzat hau ikasbide handia da. Oso argi daukat musika zalea naizela eta beti daukat mira oso goian. Musikari ikaragarriak ezagutu ditut eta ez zara inoiz heltzen nahi duzun mailara. Poliki-poliki egiten duzun ikasbidea da.

Gauza asko egin ditut, baina asko ditut egiteko. Etengabea da egiteke dudana, horrela sentitzen dut. Egia da diskoak argitaratzen hasi nintzenean sasoi latzetan egin nuela, halako kantu moldeetarako. Gehien zabaldua zegoena garai horretan zen Rock Radical Vasco deiturikoa, baina beti babestua sentitu dut nire burua, nire lagun handienek horrelako taldeetan jotzen zuten eta niretzat guztiz normala zen gertatzen ari zena.

Nire proposamena ez zen giro handietarako. Ez dut inoiz izan injustizia sentimendurik horregatik. Bizi genuen giro hartan nire kantak ez ziren entzulego zabal batentzat. Orain alderantziz gertatzen da, beteraniak babesten nau. Horrelakoa da mundu hau, ez du araurik, nork bere sokari tiraka sakonera joatea eta gehiago ikastea da asmoa.

"Potten aritzen ginenok ez genuen pretentsiorik ezta estrategiarik"

Bolada batzuk eman dituzu Londres eta New Yorken. Zerk eraman zintuen hara?

Esan bezala, oso musikazalea naiz eta entzulearen lekuan jartzen naiz maiz. Lehen aipatu ditugu euskal entzuleek egindako aldaketak eta handiak izan dira. Hizkuntzarekiko, esaterako. Garai horretan, Danba eta horrelako taldeak aritzen zirenean, giroa bestelakoa zen. Kaleko giroa ere, dena aldatuz joan da eta nik ere ez dut arazorik hor egoteko, entzule bezala.

Etiketa batean esanda, oso anglofiloa nintzen eta naiz, neurri handi batean. Rock belaunaldikoa gara eta nahi nuen jakin kantari horiek zer esaten zuten. 

Frantsesa ikasitakoa nintzen eta orain konturatzen naiz normala zena baino gehiago ezagutzen nuela Frantziako kantua, baina Ingalaterrako eta Estatu Batuetako musikaren zalea da gure belaunaldia.

Miresten genuen hura guztia eta ezagutu nahi nuen zer zen. Horregatik joan nintzen Ingalaterrara. Ameriketara askoz beranduago joan nintzen. Gu mundu anglosaxoiak eta amerikarrak kolonizatuak izan gara filmetan eta hainbat musika estilotan, baina ideologikoki mesfidatiak ginen mundu horri zegokionez.

Halako batean, kasualitatez, jo nuen New Yorkera eta hura ezagututa, erabaki nuen nahi eta nahi ez itzuli behar nuela luzaro egotera. Txundituta geratu nintzen eta ez zen nik uste bezalakoa. Benetan asko ikasi nuen. Miresmena, azken finean, izan zen arrazoia, gogoko nituen musikariak ikustea. 

"Ingalaterrako eta Estatu Batuetako musika zalea nintzen eta naiz, baina mundu horrek mesfindatza sortzen zidan. New Yorkera joan nintzenean, ordea, txundituta geratu nintzen"

Orain pare bat galdera maltzur. Lehen aipatu dizut mitoa zarela, nolabait, eta horrek alde onak eta txarrak ditu. Nola hartu zenuen Lendakaris Muertos taldearen Gafas de pasta abestia? Nik uste dut maitasunez eginda dagoela.

Baita nik ere. Nik ez ditut ezagutu eta kantu horren berri izan nuen diskoa atera zenean deitu zidatelako aurkezpenera gonbidatzeko. Ez dut gogoratzen zergatik, baina ezin izan nintzen joan.

Nik mitotik oso urrun ikusten dut nire burua, baina ohartzen naiz beteraniak badituela gorabehera horiek. Maite ditut horrelako gauzak, badu bere grazia kantu horrek.

Ez dakit horrenbesteko grazia egin zizun Patxi Lopezek esatea zure musika gogoko zuela eta karaokea egitea Zaindu maite duzun hori abestiarekin.

Nik pentsatu nuen nor zegoen horren atzean, nor zen aholkularia. Ez dut uste berariaz esango zuenik. Nire ibilbidearen hasierako elkarrizketa bat dut gogoan, Bilboko Radio Popularrean. Orduan asko entzuten genuen Bilbon. Elkarrizketa egin zidaten eta esataria -egun oraindik irratian aritzen dena eta izen handia duena- adierazi zidan irteeran: "ale gazte, badakizu, hemendik aurrera zuri buruz hitz egin dezaten, nahiz eta ondo izan". Paradoxa horrekin hartzen ditut horrelakoak. Bitxikeriak, ez diot garrantzirik ematen.

Larunbatean Faktorian egongo direnentzako mezurik al duzu?

Faktoriaren asmoarekin jarraitzea. Hori da nire mezua. Urte hauetan galdu ditugu egitasmo aski interesgarriak euskaldun kantarientzat: Plateruena Durangon, Beikozini Ondarrun, Espaloia Elgetan... Oso pozgarria da Aiaraldean horrelako egitasmoa hastea, eta hori ospatzea da kontzertuaren nahia. Uste dut jendeak nik bezain beste eskertuko duela.