argia.eus
INPRIMATU
Fairpay txartela, Mastercarden eta Visaren alternatiba sortu da
  • Faircoop sistema ekonomiko justuago bat bilatzen duen mundu mailako kooperatiba bat da, sarean estatuen kontroletatik at lan egiten duena. Fairpay txartela sortu dute, komertzio fisikoetan ordaindu ahal izateko, elsalmoncontracorriente.es webguneak azaltzen duenez.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2017ko urtarrilaren 02a
Fairpay txartela. (Arg.: fair.coop)

2014an sortu zenetik desberdintasun ekonomiko eta sozialak murriztearen alde egiten du lan. Etorkizunean erabiltzaileek banku komertzial eta estatuen esku hartzerik gabe funtzionatzea du helburu. Fairpay txartelarekin beste era bateko produkzio eta kontsumoa sustatu nahi dute sortzaileek, “jendearen beharrak kontuan izanik, baina balore kooperatiboak, berdintasuna eta planeta zainduz”.

Urtarrilaren 5era arte egongo da Fairpay txartelak lortzeko aukera, hauek urtarrilaren 16tik aurrera izango dira erabilgarri, froga fasean. Otsailaren batean kontsumitzaile guztiek izango dituzte eskuragarri.

Aurretik hainbat elementu ekonomiko sortu izan ditu kooperatibak: Faircoin moneta, Faircredit kreditu sistema, Fairsaving aurrezkiak, Fairmarket merkatua eta Fairfunding eta Fairstars finantzaketa zerbitzuak. Nazioarteko proiektu kooperatiboak babesteko laguntza sareak ere sortu ditu.

Iraultza integratzailearen, jakintza askearen, hacker etikaren edota bizitza duinaren printzipioak bereganatzen ditu: berdinen arteko birbanaketa eta truke ekonomikoa, parte hartze politiko irekia, organizatzeko era deszentralizatua, guztien aldeko produkzioa eta jakintza irekiaren banaketa dira taldearen helburuak.