argia.eus
INPRIMATU
Faircoin: kapitalismoari aurka egiteko txanpon elektronikoa
  • Robin Bank bezala ezaguna den Enric Duran katalanaren proiektu berria da Faircoin. Kooperazio, elkartasun eta berdintasun baloreetan oinarritzen da dibisa hau, eta kapitalismoarekin lehiatzeko alternatiba globala sortzea du helburu. 

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 05
Kooperazio, elkartasun eta berdintasun baloreetan oinarritzen da Faircoin moneta electronikoa (argazkia: Faircoin)

2014an sortu zuen Faircoin interneteko garatzaile anonimo batek. 50 milioi txanpon atera zituzten orduan, eta proiektuarekin bat egiten zuten pertsonen artean banatu zituzten modu ekitatiboan, parekidetasuna bermatuz.

Denbora gutxira, proiektua alde batera utzi zuen sortzaileak, eta iaz errekuperatu zuen Duranek Thomas König-ekin batera. Moneta sistema konbentzionalari alternatiba eskaintzeaz gain, munduko ekonomia justuaren alde egiteko proiektu globalagoan kokatzen da Faircoin txanpona: FairCoop, kooperatiben kooperatiba den Duranen beste proiektuan, hain zuzen.

Faircoinek Bitcoin moneta elektronikoaren oinarriak ditu: interneteko transakzioak modu deszentralizatu eta anonimoan egiteko moneta da Bitcoin, bankuen eredu bertikalari aurre egiteko sortua. Duranen hitzetan, Bitcoinen “indibidualismoari” aurre egin dio Faircoinek, sistema kooperatibo bat sortuz. 

Interneteko Robin Hood

Enric Duran 2006 eta 2008an egin zen ezaguna, hainbat bankuri kreditu bidez 492.000 euro lapurtu zizkienean. Etxea edota kotxea erostearen aitzakiarekin, nomina eta dokumentu faltsuak eskaini zizkien bankuei. Gezurrezko enpresak ere sortu zituen iruzurra babesteko.

Ateratako dirua herri mugimenduak laguntzeko erabili zuen Duranek, eta bide batez, finantza sistemaren ahuldadea agerian uzteko. Bankuen Robin Hood bezala egin zen ezaguna, “aberatsei” lapurtu zielako “txiroei” emateko. Bere ekintzengatik espetxean egon zen denboraldi batez, eta egun klandestinitatean bizi da.