argia.eus
INPRIMATU
Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartuko da
  • Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartuko da. Lakuan egin zuten bileran kooperatibako ordezkariek jakinarazi zuten bihar goizean aurkeztuko dutela eskaera epaitegian.

     

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko azaroaren 06a
Fagor Etxetresnak likidazio fasean sartuta, 1.200 bazkideri irtenbidea eman nahi die Mondragonek (Argazkia: Rtve.es)

Bestalde, Frantziako Fagorren filiala den Brandt-eko zuzendaritzak gaurko bileraren amaieran kiebran deklaratu du bere burua. Le Figaro egunkariak jaso duenez Thierry Leonard enpresako zuzendari exekutiboak AFPri jakinarazi dio gaur aurkeztuko dutela ordainketen-etendurarako eskaera Nanterreko Merkataritza Auzitegian.

Langileen espero zuten Brandt likidazio egoeran gaur bertan sartzea. Aitzitik, Frantziako Produkzio Berreskurapen ministro Montebourgek atzo esan zuen Frantziako Fagorrek “etorkizuna” duela.

Le Parisien egunkariak CGT sindikatuko Philippe Bergerren hitzak dakartza: “Espainiarekin zubiak hautsi behar dira eta Estaturantz bira egin, hori da soluzio bakarra”.

Bilera Mondragon eta erakundeen artean

Iñigo Urkullu lehendakariak deituta bilera dute gaur arratsaldeko 15:00etatik aurrera Fagor Etxetresnaken krisian inplikatuta dauden eragileek. Deiak argitaratu duenez, Eusko Jaurlaritzak plan bat aurkeztuko du kooperatibaren “itxiera ordenatua” izan dadin, kalteak arintzeko “laguntza” gisa.

Eusko Jaurlaritza, Mondragon, Fagor Etxetresnak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debagoienako eta Basauriko alkateak izango dira Lakuako gaurko bileran. Fagor Etxetresnaken izenean Xabier Bengoetxea presidentea eta Sergio Treviño zuzendari orokorra izango dira. El País egunkariak bilera “azalekoa eta ondorio praktikorik gabekoa” izango dela iragarri du "Fagor y Mondragón escenifican su desafecto" titularra daraman albistean.

Kanpoaldean Fagor Etxetresnakeko langileak izango dituzte. “Presionatu egin behar dugu” esan dio Garari Edesako langile batek.

Gipuzkoako Aldundiak finantza erakundeen zeregina jarriko du gaurko bileran mahai gainean. Zentzu horretan, haren bozeramaile Larraitz Ugartek jakinarazi du Kutxako presidente Xabier Iturberekin bilduko direla datorren astelehenean. Ugartek azaldu du Iturberi finantzazioa eskatuko diotela, Fagor Etxetresnaken negozioaren zati bat salbatzeko “trantsizio planerako”.

Mondragon ezkorrago dabil, eta  ezeztatu egin du 50 milioi euroko funtsa erabiliko duenik Fagorren zati bat erosteko, atzo Berriak kaleratu zuen moduan. Korporazioko ordezkariek Goienari azaldu diotenez, funts hori soberan geratuko den enpleguari irtenbidea emateko erabiliko dute (Mondragon Korporazioak 50 milioi euro batu gura ditu aurre-erretiro, birkokatze eta formazio programak aurrera eramateko).

“Mondragonen badaude erabaki ahalmena banaturik duten beste eredu batzuk”

Joan den igandean Noticias de Gipuzkoa  egunkariak Juan Manuel Sinderen Fagor Electrodomésticos: aspectos a considerar y valores a preservar artikulu luzea argitaratu zuen. Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko bokala da Sinde eta sakoneko hainbat hausnarketa plazaratu ditu. Bere esanetan Mondragon taldean badaude beste eredu batzuk; Laboral Kutxa eta Lagun Aro ditu hizpide.

Bestetik, Diario Vascoren Debagoienako orrialdeetan gutuna argitaratu dute hainbat bazkide kooperatibistek, Fagorren Kontseilu Errektorearen inguruan hainbat proposamen eginez.

ELAk ere kooperatibaren auziaz iritzia eman du. Txiki Muñoz sindikatuaren idazkari nagusiak Radio Euskadin adierazi du "Fagorren barne espiritu kritikoak huts egin" duela: "Euskal mundu kooperatiboan sindikatuen kontra egin da, gizarte perfektu demokratiko bat zutelakoan".