Juan Mari Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak jakinarazi duenez, Fagor Etxetresnak taldeko 2.093 beharginetatik 1.200 inguru beste enpresa batzuetan birkokatuko dituzte; 900ek aldiz lana galduko dute.
EH Bildu alderdiak eskatuta eman ditu Fagorren itxieraren kudeaketaren inguruko xehetasunak Eusko Legebiltzarreko Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako batzordean eginiko agerraldian.
Langabezian geldituko diren 900 langileei irtenbidea emateko enplegua sustatzeko politikak ezartzea beharrezkoa dela zehaztu du Aburtok.
Enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartzeak izango dituen eragin zehatzak ikertzeaz ez dutela amaitu azaldu du. Baina Lakuak Fagorreko beharginentzat aurreikusten duen egoera mahai gaineratu du Enplegu sailburuak.
Guztira 2.093 langileri eragin die enpresaren itxierak. Horietatik 1.603 bazkide ziren Lagun Aroko erregimenaren baitan; 208k Gizarte Segurantzako erregimena zuten eta gainerako 282ak langile kontratupean egiten zuten behar.
2013an Fagor Etxetresnetako 400 bazkide Mondragon Kooperatibako beste enpresetan birkokatu dituzte. Eta 2014ean ere beste 400 bazkidek lanean jarraitzea ahalbidetuko dute. Bestalde, 300 langileri aurretiko erretiroa eman diete eta beste 400ek gaur egungo funtzioetan jarraituko dute.
Aburtok esan duenez, enpresa bakoitzak hoberen iruditzen zaion eran kudeatzen ditu birkokatzeak. Baina lanik gabe geldituko direnak dira dira Eusko Jaurlaritzaren kezka. Horretarako lana sustatzeko neurriak hartu behar direla zehaztu du.
Horren aurrean Eusko Jaurlaritza eta Mondragon Korporazioak martxotik aurrera langileentzako formazio plana martxan jarriko dutela jakinarazi du.
Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak ez du uste kooperatiben eredua errebisatu behar denik. Bai ordea kudeaketa eta hartu diren hainbat erabaki.