argia.eus
INPRIMATU
Fagor Etxetresnak erosteko 705 lanpostu mantentzea eskaini du Catak
  • Talde katalanak 42,5 milioi euro ordainduko lituzke kooperatibako lantegiengatik, Cevitalek baino 14 milioi gehiago. Asteartean egin zituzten publiko eskaintzak Donostiako Merkataritza Auzitegian.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2014ko uztailaren 23a
Sergio TreviƱo Fagor Etxetresnen zuzendari ohi eta egun Cevitaleko arduradunak, talde aljeriarraren eskaintzaren \"bermean\" egin zuen azpimarra Donostiako prentsaurrekoan (arg.: Lavanguardia.com).

Sergio Treviño Fagor Etxetresna Elektrikoen (FEE) zuzendari ohi eta egun Cevital taldearen ordezkari denak, Donostiako hotel batean azaldu zituen talde aljeriarraren eskaintzaren xehetasunak: 500 enplegu eta 28 milioi euro, Garagartzako (Arrasate) Eskoriatzako eta Bergarako lantegien truke. FEEren lerro errentagarrienak produzitzen zituzten bertan. 

Catak erraz gainditu du eskaintza hori: aktibo beren truke 42,5 milioi euro eta 705 lanpostu mantentzeko konpromisoa. Treviñok, jakitun lehiakideak hordagoa joko zuela, Cevitalen kaudimenean eta egonkortasunean egin zuen azpimarra: “Proiektu serioa da gurea, enplegua mantentzeko bermea duena”. Mondragoneko hainbat enpresekin eta FEEko soldatapeko langileekin eta Basauriko Edesa erosiko lukeen Ecomac inbertsio-funtsarekin adostasunera iritsi direla ere esan zuen Treviñok. Catak aldiz ez du Edesaren etorkizuna ziurtatu.

Erabakia, uztaila amaitu baino lehen

Baina aldea handia da eta Catak FEEren markak erabiltzeko akordioa badauka gainera. Katalunia eta Euskal Herriaren artean bigarren enpresa operazio handiena litzateke honakoa. Eroskik Caprabo erosi zuenekoa da lehena, Mondragoneko saltoki-kateari hainbeste zor eta buruhauste ekarri diona.

Azken hitza Donostiako epaile Pedro Malagonek izango du ordea; aurretik konkurtso-administratzaileen txostena jasoko du eta seguruenik uztaila amaitu baino lehen hartuko du erabakia.