argia.eus
INPRIMATU
Fagor Etxetresnak Catari saltzea erabaki du epaileak
  • Pedro Malagon Donostiako merkataritza arloko epaitegiko buruak gaur zuen azken eguna Fagor Etxetresnak enpresa noren esku geratuko den erabakitzeko. Cataren eskaintzaren alde egin du eta beraz talde kataluniarraren esku geratuko da Arrasateko enpresa.

ARGIA @argia 2014ko uztailaren 29a
Cevitalen eskaintza baino hobea izan da Catarena epailearen ustez.

Talde katalanak 42,5 milioi euro ordainduko ditu kooperatibako lantegiengatik, Cevital aljeriarrak egindako eskaintza baino 14 milioi gehiago. Joan den asteartean egin zituzten publiko eskaintzak Donostiako Merkataritza Auzitegian.

705 lanpostu mantentzeko konpromisoa ere hartu zuen Catak egindako eskaintzan. Aldiz, ez zuen Edesaren etorkizuna ziurtatu.

LABentzat "berri pozgarria"

LAB sindikatuak albisteaz egin duen balorazioa jaso du Berriaren edizio digitalak: berri pozgarritzat jo dute epailearen erabakia enpresa martxan jartzea ahalbidetuko duelako. Cataren eskaintzaren hiru atal nabarmendu dituzte: lanpostu kopuru handia, enpresa berriaren zuzendaritza bertan ezartzea eta lan zentro guztiak zabaltzeko asmoa.

Sindikatu abertzaleak bestelako hitzak izan ditu Jaurlaritzarentzat: EAEko gobernua kritikatu du behar besteko "erantzukizunarekin" jardun ez izanagatik.

Informazio gehiago:

Pedro Malagon epailearen autoa osorik, gaztelaniaz, Berria.eus webgunean (pdf).