argia.eus
INPRIMATU
Fagor-CNAk Garagartzako garbigailuen planta itxiko duela baieztatu die langileei
  • Zuzendaritzak ez du bideragarritasun planik aurkeztu eta langileak “etsituta” azaldu dira, talde katalanak oraingoz 30 lagun kaleratzeko asmoekin segitzen duelako.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko uztailaren 06a

Edesa Industrialek joan den astean –lehengo Fagor Etxetresna elektrikoak– pre-konkurtso egoera aurkeztu ondotik urak nahasirik daude Arrasateko lantegian eta kezka zabaldu da langileen artean. Asteazkenean iragarri zuen zuzendaritzak Garagartzan duen garbigailuen linea itxiko duela irailetik aurrera eta 30 lagun kalean utziko dituela ondorioz.

Osteguna azalpen gehiago emateko eguna zen, bai enpresa batzordearen aurrean eta baita Arrasateko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari ere –azkeneko honek diruz lagundu zuen lantegia berriz martxan jartzea–.

Langileak etsituta atera dira goizean enpresako ordezkari Jorge Parladek esan dienarekin: zuzendaritzak ez du asmorik enplegu erregulazio espedientea atzera botatzeko, eta larriagoa dena, ez du inongo etorkizuneko planik aurkeztu. Jarrera horrekin gatazka saihestezina dela diote.

Nolanahi ere, Parladek azaldu du ez dutela asmorik hartzekodunen konkurtsoa aurkezteko, oraingoz, denbora irabazteko jo dute pre-konkurtsora, bankuekin eta hornitzaileekin duen 100 milioi euroko zorrari irtenbidea emateko.

Mondragon Taldeko enpresa esanguratsuena zenak hondoa jo zuen 2013an, 1.000 milioi euroko zorra gainean zuela, eta 1.700 lagun inguru kalean geratu ziren –ehunka bazkide kooperatibista birkokatzeko plana hasi zuen orduan Mondragonek–. CNAk 2014an erosi zuen Fagor Etxetresna Elektrikoen produkzio katea eta epe ertainean 800 lanpostu zuzen sortuko zituela hitzeman zuen konpainiak.

Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak Goienari azaldu dionez Udalean lantegiaren martxari buruzko informazio kezkagarria aspaldi ari zen zabaltzen: "Gu herrian egonda gertuko informazioa genuen esaten ziguna gauzak ez zihoazela ondo". 

Eusko Jaurlaritzaren hemendik aurrerako jarrera zein izango den jakitea besterik ez da falta, baina Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak jadanik "onartezintzat" jo du CNAren jokabidea.