argia.eus
INPRIMATU
Facebookek LGTBI tematikako galizierazko film bat zentsuratu duela salatu dute
  • Nove de Novembro filma LGBTI tematika erdigunean jartzen duen lehen pelikula luze galiziarra da. Trailerra Facebook bidez zabaltzerako orduan, edukia zentsuratu dietela salatu du Lazaro Louzao zuzendariak. Facebookek dio bideoak ez dituela betetzen sare sozialak eskatzen dituzten irizpideak.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko azaroaren 22a
Filmeko bi protagonistak

Filmak 80ko hamarkadako bikote homosexual baten istorioa kontatzen du da. Datorren urte hasieran estreinatuko da, baina aurrerapen moduan, trailerra zabaldu dute sare sozialen bidez.

Louzaok adierazi duenez, publizitate moduan jarri zuten Facebooken, eta honek galarazi egin die bideoa publiko egitea, “publizitate politikak ez betetzeagatik”.

Trailerrean “eduki sexuala” ageri dela argudiatu du plataformak, Praza Publica webguneak jaso duenez: “Hasieran uste nuen sistemaren arazoren bat izango zela. Ondoren azaldu zidaten postura sexualean eta kamiseta gabe agertzen diren bi gizonen lehen planoak ageri direla trailerrean eta hori zela bideoa ez onartzearen arrazoia ”.

Erreklamazioa jarri duen arren ez du uste ezer lortuko duenik: “Ez da lehen aldia Facebookekin arazoak ditugula LGTBI kolektiboaren inguruko  edukiak zabaldu nahi izateagatik”.  

Pertsona homosexualek hainbat esparrutan eskubideak eta gizartearen onarpena lortu izana txalotzen du zuzendariak, baina egunero oztopoak gainditu behar dituztela nabarmendu du.