Facebook konpainia WhatsApp mezularitza enpresa erosteko adostasunera iritsi da asteazkenean, AEBetako Balore Merkatuko Komisiora (SEC) bidalitako informazioaren arabera. Salerosketa oraindik ez da itxi, operazioa burutzeko agintaritzaren baimenak jaso behar baitituzte.
Sare sozialak 19.000 milioi dolarrengatik (13.800 milioi euro baino gehiago) erosi du bat-bateko mezularitza aplikazioa.
Ordainketa bi epetan egingo da. 16.000 milioi dolar ordainduko dira hasieran, zati bat eskudirutan (4.000 milioi dolar), eta gainerako 12.000 milioiak Facebookek burtsan dituen akzioen bidez.
Gainera, Facebookek bigarren ordainketa bat egingo luke, 3.000 milioi dolarrekoa. Operazioa itxi ondorengo lau urteetan gauzatuko litzateke, WhatsAppen sortzaile eta langileei bideratua legoke eta Facebookeko akzioekin egingo litzateke hau ere.
Erraldoiaren txat zerbitzua hobetzen
Facebookek gaur egun 1.200 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu mundu osoan. Duela 10 urte sare soziala martxan jarri zuen Marc Zuckerbergek zera adierazi du erosketa berriaz: “WhatsAppek gure mezularitza eta txat zerbitzuak hobetuko ditu, komunitateari erreminta berriak eskaini ahalko dizkiogu, mundu zabalagoa eta konektatuagoa eskainiz”.
Bat-bateko mezularitza aplikazioko fundatzaileak pozik agertu dira salmentarekin. “Hunkiturik gaude Mark Zuckerberg eta Facebookeko bazkide izateko aukera edukitzeagatik, gure produktua jende gehiagorengana iristea lortuko dugu”, azaldu dukomunikatu batean Jan Koum sortzaileak.
Telefono mugikorretan presentzia handiagoa edukitzea espero du Facebookek. Hala ere, WhatsAppari lehiakide berriak atera zaizkio azkenaldian, mezularitza aplikazio doakoak eta seguruagoak direla baieztatzen dutenak, hala nola Telegram, We Chat eta Line.