argia.eus
INPRIMATU
Facebook, orrialde feministen zentsuratzaile
  • Hainbat gune feminista itxi ditu Facebookek azken hilabeteotan, tartean, "Memes Feministas" eta "Feministas Acidas" orriak, Eldiario.es-ek dioenez. Eduki “desegokia” izatea leporatu die. Kudeatzaileek zentsura salatu dute.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2014ko urtarrilaren 09a
Patriarkatuaren inguruan Memes Feministasekoek egindako irudia.

“Umore matxista da nagusi zibermunduan. Guk ere umore bidez patriarkatua dinamitatuko dugu”. Horrela aurkezten dute euren burua "Memes Feministas"-eko kideek Facebookek bertan behera utzitako txokoan.

Umorea egin asmoz, memeak erabiltzen zituzten. Alegia, esaldi satirikodun argazkiak. Era horretan, matxismoaren harira ironizatzen zuten, sarkasmoa baliatuz. Hemen adibide batzuk, gaztelaniaz.

 

Sare sozialari, baina, ez zaio egitasmoa gustatu, eta abenduaren 29an geroztik amaitutzat eman nahi izan du kolektiboaren lana. 13.000 jarraitzaile inguru zituen orrialdeak une horretan.

Dena den, "Memes Feministas"-eko ekintzaileek sarean jarraituko dutela ziurtatu dute. Webgunea martxan dute, baita Twitterreko kontua ere.

Normatibitate ezak Facebookeko morala urratzen duenean

"Feministas Acidas" profila ere sare sozialetik kanpo utzi du Facebookek. Urriaren 14ean itxi zuen “behar bezalakoa” edo “pornografiari lotutako” edukia izatea argudiatua. 50.000 zale zituen orduan guneak, eta feminismoari lotutako testuak lantzen zituen.

Besteak beste, hilerokoko odola, emakumeen masturbazioa, eta gorputz ez normatiboen argazkiak azaltzen ziren Facebooken, eta irudi horiek izan litezke zentsuratzeko aitzakia. Orrialdea bisitagarri ez dagoela dio sareak, eta esku batekin ilustratzen du oharra.

Egun, feministasacidas.com helbidean jarraitu daiteke, baita Twitter bidez ere @feminazida kontuan. 

Irene Redondo kazetaria da egitasmoa bideratzen duena. Hainbat gai lantzen ditu, sexualitatea, genero rolak, espazioak eta komunikabideak kasu. Tartean, Abortuaren Legearen Erreformaren analisia egin berri du.