argia.eus
INPRIMATU
Facebook eta Googlek Las Vegaseko erasotzailearen inguruko informazio faltsuak zabaltzen lagundu dute
  • Bi iturri horiek zabaldu dute atentatuaren ustezko egilea alderdi Demokratako kidea zela eta Donald Trumpen aurka egin zuela.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko urriaren 04a

Poliziak Stephen Paddock ustezko erasotzaile gisa identifikatu aurretik, zenbait iturri ultraeskuindarrek Geary Danley jo zuten erasotzailetzat. Ez dago argi gezur hori non hasi zen, baina argi dago ultraeskuindarrek berehala zabaldu zutela informazio faltsua, gaineratuz erasotzailea “aurrerakoia” zela.

“4chan” plataforman zabaldu zuten Danley alderdi Demokratan erregistratuta zegoela. Plataforma hori ultra eskuindarrek erabili ohi dute. Nahiz eta informazioa baieztatu gabea zen eta iturriak ez ziren batere fidagarriak, Facebooken ziurtatze orriak informazio faltsua zabaldu zuen, erasotzaileak “Trumpen aurkako” ideiak zituela esanez.

Gauza bera egin zuen Googlek. Bilatzailean Geary Danley  izena sartuta, “4chan” plataformara bideratzen zituen erabiltzaileak, informazioa faltsua bazen ere. Orduak pasata, bi iturriek informazio hori ezabatu zuten. Eta algoritmoen arazo bati egotzi zioten errua. Arazoa konpontzeko konpromisoa ere adierazi zuten.