argia.eus
INPRIMATU
Facebookek profileko argazkiak aurpegiak identifikatzeko nahi ditu
  • Facebookek bere 1000 miloi erabiltzaileen profileko argazkietako aurpegiak identifikatu eta datu-basean gordeko ditu. Argazkien etiketatzea erreztea da ekimenaren xedea, sare sozialaren arabera.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko irailaren 03a

Erin Egan Facebookeko pribatutasun arduradunak azaldu duenez, norberak bere etiketa nahi adina argazkitatik ezabatzeko aukera izango du. Haatik, etiketa ezabatzen ez bada, datu-basean gordeko da argazkia, erabiltzailearen identifikazioa erreztuz.

Aipatutako aldaketak ez dira behin-betikoak, sare sozial ezaguna erabiltzaileen balorazioaren eta sor litezkeen lege-arazoen zain baitago. Zentzu horretan, enpresaren irudiak jasan dezakeen kaltearen jakitun da Mark Zuckerberg, Eldiario.es-en arabera. Snowden CIAko langile ohiak zabaldutako informazioa dela eta, gardentasun politika berria jarri du martxan, Google eta Twitterrek erabiltzen dutenaren parekoa.

Trabak Europar Batasunean

2010ean jarri zuen Facebookek lehen aldiz martxan argazkietako aurpegiak identifikatzeko sistema. Irlanda eta Alemaniak horren kontrako epaia abiatu zuten, eta denbora gutxian, Europar Batasuneko (EB) beste hainbat herrialdek ere legez kanpoko neurria zela argudiatu zuten. Pasa den otsailean, EBko erabiltzaileen argazkien datuak ezabatzea onartu zuen Facebookek.