Soja laborantzara bideratutako nekazaritza estentsibo landa batean egin zuen lan Tomasik. Landa gunea fumigatzeko erabiltzen ziren agrotoxikoek eragindako gaixotasunaren ondorioz hil da.
Ostiralean hil zen Fabian Tomasi Basavilbason (Argentina), 52 urte zituela. Urteetan agrokimikoen arriskupean lanean jardutearen ondorioz, polineuropatia garatu zuen, giharrak eta gorputzaren forma aldatu zizkion gaixotasuna. 2012an diagnostikatu zioten gaitza, bizi itxaropen laburra iragarriz. Ordutik, agrokimikoen kontrako borrokan jardun du Tomasik. Pablo Piovano argazkilariak 2014an Argentinako agrotoxikoen negozioaren alde iluna erakusteko xedez egindako The Human Cost fotoerreportaian agertzeak mundu osoan egin zuen ezagun Tomasi.
Molina Y Compañia, S.L.R. enpresan lortu zuen lana Tomasik, eta urtetan jardun zuen hegazkinek fumigatzen zituzten karga kimikoak manipulatzen. Glifosatoa, tordona, propanila, endosulfana, cipermetrina, fungizidak eta beste hainbat gai kimikorekin kontaktuan egon zen. Daukaten toxikotasun altua medio, gehiengoak debekatuta daude munduko hainbat herrialdetan, baina Argentinan egoera bestelakoa da. Batik bat soja transgenikoaren laborantzak izan duen hedapena tarteko, agrotoxikoak eta hazi transgenikoak erabiltzen dituzten multinazional asko baitago Argentinan. Soja transgenikoaren kimuek fumigazioak jasateko gaitasuna daukatenez gero, soja laborantzara bideratutako zelaiak izurriteak uxatzen dituzten agrotoxikoz zipriztintzen dituzte.
“Sojaren arrakastaren itzala naiz”, zioen Tomasik eskainitako elkarrizketa batean. Monsanto bakarrik ez, agrotoxikoekin dirua irabazten duten beste hainbat enpresa handi ere izan ditu jo puntuan Tomasik. Martxoan La Poderosari idatzitako gutunean argi mintzatu zen: “Ez dago gaixotasunik pozoirik gabe, eta ez dago pozoirik enpresa multinazionalen, osasunaren industriaren, gobernuen eta justiziaren arteko bizikidetza kriminala gabe”. Salatzen zuenez, mehatxu asko jasotzen zituen “egunero jan, arnastu eta edanarazten digutena ikusarazteagatik”.