Agintean dauden alderdiek kolpe gogorra jasan dute emaitzetan: Inuit Ataqatigiit alderdi ezkertiar independentistak eta Siumut sozialdemokratak aurreko hauteskundeetan lortutako botoen erdia inguru galdu dute, oposizioko alderdien onurarako.
Orain arte Groenlandiako Parlamentuan gehiengoa izan duen ezkerreko gobernu koalizioaren beherakadarekin, oposizioko alderdi nagusiek izango dituzte eserleku gehien Inatsisartut-ean. Demokraatit alderdi liberal independentistak botoen %29 eskuratu ditu, herrialdeko Hauteskunde Batzordeak argitaratutako emaitzen arabera, eta aurreko hauteskundeetan lortutako babesa hirukoiztu du –%9ko babesa izan zuen–. Naleraq independentistak, berriz, 2021eko bozetan jasotako botoak bikoiztu ditu: %24,5.
Groenlandian nagusi diren ideia independentistekin –2021eko bozetan botoen %80 jaso zituzten alderdi independentistek– lerratzen da bozetako irabazlea, eta alderdiaren buru Jens Frederik Nielsenek jarrera oldarkorra erakutsi du Donald Trump AEBetako presidentearen aurka: Washingtonek uhartearen kontrola edukitzea "beharrezkoa" zela adierazi zuen Etxe Zuriko maizter berriak abenduaren amaieran, eta, horren aurrean, Nielsenek adierazi zuen Groenlandia ez dagoela "salgai": "Trumpen adierazpenek mehatxu egiten diote gure independentzia politikoari".
Inkesta gehienek hirugarren postuan jartzen zuten Demokraatit alderdia, eta ezustean Groenlandiako lehen indar politikoa bilakatu da. 1979an Autonomia Estatua onartu zutenetik lehen aldiz, Inuit Ataqatigiit edo Siumut ez den alderdi batek osatu ahalko du Groenlandiako Gobernua.
Hauteskundeen beste irabazleak, bigarren indar politikoa bilakatu den Naleraq alderdiak, Danimarkatik banantzeko erreferenduma egiteko asmoa azaldu du kanpainan zehar. 2008an egin zuten groenlandiarrek autogobernua erabakitzeko erreferenduma: 21.355 biztanleren baiezkoa jaso zuen, eta 6.635 aurka agertu ziren. Erabateko independentzia, ordea, konplexuagoa da, Danimarkak urtero ematen dion 600 milioi euroko diru laguntza lurraldeko ekonomiaren %50 baita, Javier Arnaut Groenlandiako Unibertsitateko Artikoko Giza Zientzien Departamentuko buruak Berria egunkariari azaldu zioenez.